Usurbilgo jaiak

Musikaz blai datozkigu festak

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 26a, 11:07

Bertsio Gaueko antolatzaileek kontzertuen eskaintza zehaztu ostean, lerrootan duzue festa hauetan izango dugun musika emanaldi sortaren berri.

Zer ikusia, baina batez ere zer entzuna izango dugu badatozkigun herriko festetan. Jai Batzordeak estreinakoz datozen ospakizun egunak aurkezteko eginiko agerraldian iragarri zuen moduan, goizetik gauera musika izango dugu protagonista nagusietako bat Usurbilen. Segidan dituzue iragarri diren musika hitzordu guztiak.

Herri ordezkaritza zabala
Etxekoen parte hartzea nabarmendu beharra dago. Ohi bezala, Usurbilgo sorkuntzaren aldeko apustua egin du Jai Batzordeak aurtengoan ere. Hala, Amebaren emanaldia izango dugu larunbat gauean. Eguerdi horretan Usurbilen osatu berri den eta dagoeneko bi saio eskaini izan dituen Fanfarrikant Brass Band talde berriaren itzuleraz gozatu ahalko dugu. Dantza egin eta abesteko aukera paregabea, beraz. 

Beste itzulera bat, Tapia eta Leturiarena. Otsailean Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean emandako kontzertu arrakastatsuaren ondotik, frontoira itzuliko dira astelehenean. Haien ostean, Bertsio Gau estimatua egingo da txosnetan. Herrikideak ikusiko ditugu bertako oholtza gainean, bertsio ezagunak jotzen. Aurretik ospatuko den Gazte Eguneko bazkalostea Anuk eta Elene bikoteak girotuko du.

Biharamunean, herriko trikitilarien topaketa. Santixabel egunez urteak daramate bildu eta kalejira egiten. Trikuk girotuko digu aurtengo uztailaren 2ko bazkalostea ere.

Herri ordezkaritza zabala, beraz, Usurbilgo jaietako musika hitzorduen eskaintzan. Herritik kanpoko hainbat talde ere gonbidatu ditu, ordea Jai Batzordeak. Segidan dituzuen hauek guztiak:


Musika hitzorduak jaietan
Ekainak 28, ostirala
Oilasko biltzaileen bazkariaren ostean, Hysteriaren kontzertua.
18:30 Jaixkipe txaranga frontoian.
22:30 Erromeria: Laket.
Ondoren, kontzertuak txosnetan: Neallta Fola, Ziztada&Rlantz eta DJ Zer?

Ekainak 29, larunbata
13:30 Fanfarrikant Brass Band.
18:00 Txosnetan kontzertua: Tik Tara.
Ondoren, Laskotxaranga.
23:00 Kontzertuak frontoian: Ameba eta Dupla.
Ondoren, kontzertuak txosnetan: Ezpalak taldea eta DJ Reimy.

Ekainak 30, igandea
Egunsentian, Hamarru elektrotxaranga.
20:30 Erromeria frontoian: Itzal.
Ondoren, kontzertuak txosnetan: Akaleia, Ithaka eta DJ La Fulana.

Uztailak 1, astelehena
Gazte bazkariaren ostean, Anuk eta Elene.
18:00 Distopia elektrotxaranga, txosnetatik abiatuta.
20:00 Tapia eta Leturia, frontoian.
Jarraian, Bertsio Gaua txosnetan: Xuxena, Ekartzank Xira, Kolakau, Zakil Rekords, Disney, Land Dover, Gitayas, Zeonak, Kakitzat, Postariyak, Errezetak, Skagehiagotan, The Furuns, Ostiko-K, Herriko Pailazoak, Errezetak, Los Zopilovers Txirriaus, Skapau.

Uztailak 2, asteartea
09:00 Esnadeia, txistulariekin.
12:30 Triku taldearekin kalejira.
19:00 Puro Relajo musika taldea Artzabalen.
Ondoren, txosnetan: Pisoo&OPH raperoak eta Karaokea.