Ekaitz arriskuagatik abisu horian gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 26a, 08:00

Abisu horian izango gara asteazken arratsalde eta gau partean prezipitazio handiagatik.

Bero orduon ostean, urte garai honetan ohikoa den ekaitz arriskua. Izan ere, prezipitazio handiagatik abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak, asteazken arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada trumoitsuak botako ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki barnealdean. Zaparradekin batera txingorra (1-2 cm) egin dezake, eta haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Trumoi-ekaitzak hegoaldetik iparraldera mugituko dira", zehaztu du Euskalmet-ek.

Gaur, beraz, Usurbilen, "giro eguzkitsua, goi-hodeiekin eta behe-hodei batzuekin. Arratsaldetik aurrera hodeiak ugaritu egingo dira eta baliteke trumoi-ekaitza izatea. Ipar-haizea nagusi. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Ostegunean, "hodeiak eta ostarteak; noizbehinka zaparradaren bat bota lezake. Goizetik aurrera ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Eguzki izpirik ez jaien hasieran
Une batetik bestera aldatzen doa hurrengo egunotarako eguraldi iragarpena. Zaila da, beraz, Usurbilgo festetan zer nolako eguraldia izango dugun aurreikustea. Momentuz, Euskalmet-en arabera, ostiralean, txupinazo egunean, "zerua oso hodeitsu egongo da eta egunaren lehenengo partean euri txikia egingo du. Egunaren amaieran ekaitzak jo lezake. Ipar-haizea ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Aipatu meteorologia agentziak ohartarazi duenez, euri arriskua ez da guztiz desagertuko jaietan zehar. Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.