Desfibriladoreen sarea berritu eta handitu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 26a, 09:43

Orain arteko zazpi desfibriladoreak berritu eta beste bi gehiago jarri ditu Udalak herriko txoko ezberdinetan.

Larrialdi egoeretan eskuragarri izatea ezinhobeto datorkigun baliabidea. Azken urteotan herriko txoko ezberdinetan Usurbilgo Udalak jarriak zituen desfibriladoreak berritu ditu. Alegia, orain arte zeudenak kendu eta berriak jarri ditu. Zazpi ziren Usurbilgo herri eta auzoetan kokatuak zeuden desfibriladoreak; aurrerantzean, ordea, bederatzi izango dira. Beste bi desfibriladore gehiago erosi dituela berri eman du Udalak.

Haietatik zortzi, toki iraunkorretan kokatuak geratuko dira. Haietatik bi toki berrietan kokatuko dituzte. Bat Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berrian, Egurtzegin jarriko du. Leku zehatza erabakitzeke dutela ohartarazi dute. Bestea, Txokoalden jarriko dute, "parketik gertu, bandotegiaren ondoan, argindarra bertara pasatzen dutenean". Bederatzigarren desfibriladorea mugikorra izango da, ez da leku finko batean egongo. Izan ere, azken hau udaltzainek autoan eramaten dutena da, "edozein larrialdiren aurrean erabili ahal izateko".

"Bizirauteko aukera gehiago dago"
"Desfibriladoreek tentsio altuko deskargak ematen dituzte, arritmia kasuetan bihotzaren erritmoa berreskuratzeko. Horrelako kasu baten aurrean erabiliz gero, bizirauteko aukera gehiago dago", gogorarazi dute Udaletik.

Udaletik gaineratu dutenez, "osasungintzan aditu izan gabe ere edonork erabiltzeko moduko gailuak dira desfibriladoreak, gutxieneko ezagutza izanez gero. Larrialdi bat gertatzean, garrantzitsua da egoera antzematen jakin eta ahalik eta azkarren artatzea, eta desfibriladorea gertu izanez gero, erabiltzeko gai izatea".


Desfibriladoreen kokaguneak
Aipatu moduan, beraz, hemendik aurrera bederatzi desfibriladore berri izango ditu herri honek. Behar izanez gero, tokiotan eskuratu ahalko dituzue:
1. Sutegi. Aterpean.
2. Kiroldegia. Harreran.
3. Harane. Arbitroen aldagelan.
4. Santueneko frontoia. Kanpoan.
5. Zubietako frontoia. Kanpoan.
6. Aginagako eskola. Kanpoan.
7. Udaltzainen autoa. Mugikorra.
8. Txokoalde. Urdaiaga, 38 zbk-an.
9. Egurtzegi. Lekua, erabakitzeko.