Jaietarako girotzen hasteko, herri honen iraganera bidaiatzeko aukera gaur Sutegin. Gogoan izango duzue, Usurbilek 2021. urtean hiribildu izaera eskuratu zuenetik 650 urte bete zirela. 50 urte lehenago, 600. urtemuga bete zuen 1971n. Urteurren haren harira eginiko ospakizunak dira ikus-entzunezko honetan grabatu zirenak. Guztia koloretan.
48 bat minutuko iraupena duen emanaldian zehar, “haur talde bat ikusten herrian barrena txistua eta danborra jotzen ari diren artean, Salbatore elizan eginiko erlijio ospakizuna dantzari eta txistulariak bidelagun zituela, herritarrak”. Kalejiran doaz handik udaletxerantz, ekitaldi honen ohorezko monumentua inauguratzera. Hitzorduan parte hartu zuten garaiko punta-puntako bertsolariek. Manuel Lasartek, Uztapidek eta Mattinek abestu zuten oroimen ekitaldi hartan, udaletxeko balkoitik ikus-entzunezko honetan behatu ahalko denez.
Gero, “frontoian herri bazkaria ospatu zuten eta beste hamaika ekitaldi segidan: pilota partida, margolan erakusketa, errebote partida, idi-proba, sokatira, toka txapelketa, euskal dantzak, bakailao txapelketa, zanpantzarren erakustaldia…”. Ekainaren 27an Sutegin ikusi ahalko duzuenaren aurrerapentxoa da. Proiekzio bikoitza iragarri dute kultur-etxeko auditorioan; lehenbiziko emanaldia 17:00etan, bigarrena 19:00etan. "Zatoz altxor hau ezagutzera!", egin dute gonbita Usurbilgo Udaletik.
Jai zaintzaileak
Hitzordu hau, jai eredu zaintzailearen baitan txertatua dago ekimen gehiagorekin batera. Iaz bezala, aurten uztailaren 1erako iragarri duten Haurren Eguneko ekimenen artean, txutxu tren arrakastatsuan herri erdigune inguruari itzulia emateko aukera izango da. Ordu tarte bat (10:30-11:30 artean) eguneko arreta zerbitzuko eta eguneko zentroko erabiltzaileentzat erreserbatua egongo da. Horrez gain, gogoan izan; adineko emakume zaintzaileek emango diete hasiera herriko festei.