2024-25 ikasturtea

Euskaltegian aurrematrikulatzeko aukera ostiralera arte

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 27a, 08:32

Urrian hasiko duten ikasturte berrian aurrematrikulatzeko aukera duzue ostiralera arte, ekainaren 28ra arte Etumeta AEK euskaltegian. Hainbat abantailez gozatu ahalko duzue, orain izena emanda.

2024-25 ikasturteko aurrematrikula epea ixtear dute, Etumeta AEK euskaltegian. Ostiral hau, ekainaren 28a izango da tramitazio hau egiteko azken eguna. Bertatik ohartarazi dutenez, “izena orain emanez gero, hainbat abantaila izango dituzu: ikasturte honetako prezioari eutsi, ordainketa malguagoa, ohiko ordainketa epeei beste epe bat gehituta eta lehentasuna taldeak eratzerako orduan”. Horrez gain, “ikastaroa ez egitea erabakitzen baduzu, aurrematrikularen %100 itzuliko dizugu ikastaroa hasi baino lehen jakinaraziz gero. Behin ikastaroa hasita, matrikula itzultzeko ohiko baldintzak aplikatuko dira”. Aurrematrikula bideratu nahi dutenek, online egin dezakete aek.eus/aurrematrikula/ atarian. “Datorren ikasturtean euskara ikasteko asmoa baduzu, ez itxaron!”, egin dute gonbita Usurbilgo AEK-tik.

Dagoeneko ikasturte berriko trebakuntza saioen nondik norakoak zehaztu dute euskaltegitik. Batetik, eskaintza berezia iragarri dute 16-18 urte artekoentzat, B2-C1 mailak eskuratzeko. Bestetik, eskaintza berezia izango dute baita, A0-A1etik hasten direnentzat. Horrez gain, ohi bezala, maila guztiak eskainiko dituzte: A0, A1, A2, B1, B2, C1 eta C2.

Aurrez aurreko eskolak eta tutoretzak izango dira, baita azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak, jubilatuentzako eskaintza bereziak... Horrez gain, "B2, C1 titulua eduki, baina hobetzen eta aberasten jarraitu nahi baduzu, Hobekuntza Taldeak eskaintzen ditugu". Trebatzeko saioei dagokienean, ordutegi malguak eskaintzen ditu Etumeta AEK euskaltegiak; klaseak, goiz, eguerdi, arratsalde eta gau partean.

Matrikula gastuei aurre egiteko, gainera, HABEren eta Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak jaso daitezke. Aurten euskaltegian jardun dutenek, ekainaren 17tik 28ra eskatu ahalko dituzte. Beharrezko baldintzak beteta, matrikula gastuen %100a ordain dezakete udal laguntzok.

Gogoan izan, ohiko bideotatik jaso dezakezue informazio gehiago:
blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es