Usurbilgo jaiak 2024

"Oraingo honetan argia izaten saiatu naiz"

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 27a, 12:36

Ane Ibargoien Alvarez herritarrak irabazi du aurtengo Santixabele-tako egitarau diseinu lehiaketa. Egitaraua diseinatzeaz gain, formatu di-gitalean ere promozio-bideo bat prestatu du aurtengo jaietarako.

 

NOAUA! Jaietako egitarauak zuk egindako diseinua du lehiaketa irabazita. Nondik hartu zenuen ideia?
Ane Ibargoien: Proiektu bakoitzean horixe izaten da nire arazorik handiena, ideiak nondik hartu. Eskaera batetik sortzen denean proiektua, zuzenean adierazten didate egin beharrekoa, baina lehiaketetan zerotik hasi behar izaten da pentsatzen. Herriko irudietan oinarritu naiz egitarauaren diseinua sortzeko, denok umetatik “parke berria” izenez ezagutzen dugun parke horren inguruan dauden irudietan, hain zuzen ere. Irudi horien artean, festekin lotutakoak hautatu ditut proiektu honetarako. Herria bera izan da oinarria.

Jaietako egitaraua herriaren aurrean aurkeztu zuten. Zu ere bertan izan zinen, ezta?
Gonbidapena luzatu zidaten aurkezpen horretara hurbiltzeko. Herri kirolak egingo dituztenak, oilasko biltzaileak... Horiek denak gonbidatu zituztela esan zidaten eta halako ikuskizun moduko bat aurreikusi zutela, oso aurkezpen koloretsua. Ekitaldi berezia prestatu zuten egitaraua aurkezteko eta bertan jendeak aukera izan zuen diseinua ezagutzeko ere.

Nola landu zenuen? Eskuz marraztu ohi duzu edo ordenagailuarekin aritzen zara?
Orain arte dena eskuz egitekoa izan naiz, baina orain animazioan sartuta nago eta tabletarekin lan egitera ohitzen ari naiz. Lehiaketan izena ematea erabaki nuenean, tablet berria erosi nuen eta aukera bikaina izan zen egitarauarena tableta estreinatzeko. Lankideek gomendatutako programa batekin hasi naiz lanean eta lehiaketa aprobetxatu dut pixka bat ezagutzen hasteko eta lan metodo berri hori erabiltzeko.

Aukeran nola aritzen zara gusturago, eskuz ala tabletarekin?
Ez diot inoiz eskuz marrazteari utziko, baina onartu beharra daukat tabletean lan egiteak asko errazten dituela gauzak. Horren bidez, bideo promozional bat ere sortu dut egitaraua pantailetara eramateko.

Mugikor bidez egoki ikusteko formatua da hori, ezta?
Bai, egitaraua modu digitalean jasotzeko bideotxo bat da sare sozialetan edota whatsapp eta bestelakoetan partekatu eta aldean eraman ahal izateko. Ez dakit oso egoki ikusteko formatua den. Bideo labur bat da eta bertan egitaraua ikusten da, baina segundu gutxian. Beraz, egitaraua lasai hartu eta aztertu nahi duenarentzat ez da aukerarik egokiena. Bideoa gelditu egin beharko du egitaraua lasai irakurri ahal izateko. Lehiaketara egitarauaren diseinua aurkeztu nuenean, oraindik bukatu gabe neukan bideoa, baina aipatu egin nien zein zen ideia eta hasita ere baneukala ikusi nahi bazuten ere. Interesatzen zitzaiela esan zidaten eta behin lehiaketa irabazi ostean amaitzeko aukera izan dut. Kontua da nik irudiak lantzen ditudala, baina soinuari buruz ez daukat ideiarik ere. Beraz, ni egitarauaren inguruko bideoaren irudiaz arduratu naiz eta musika eta soinua jartzeaz lehiaketa antolatzaileak arduratu dira.

Ohiko koloreetatik aldentzen dela eta argia dela, horrela justifikatu dute epaimahaiko kideek zure lana irabazletzat hartzeko. Nola landu dituzu koloreak?
Koloreak hautatzea izaten da proiektuetan gehien kostatzen zaidan beste elementua. Paleta aukera zabala izaten da, eta normalean, bat hautatzen dut gaiaren arabera eta horiekin jolasten naiz. Argiaren kontuan, ordea, izan ditut nire zalantzak. Lagun batekin hizketan aritu nintzen gaiari buruz eta hark azpimarratu zidan oso garrantzitsua dela egitarauaren formatua sinplea izatea denek ondo ulertu ahal izateko. Bi aldiz aurkeztu naiz lehiaketara eta aurreko aldian modu berezian tolesten zen diseinua aurkeztu nuen eta dirudienez, halakoak ez dira aukerarik onena. Oraingo honetan argia izaten saiatu naiz eta badirudi horrek fruitua eman duela. Aurreko aldian aurkeztu nuen formatu berezia, pertsonalki, ikaragarri gustatu zitzaidan, baina ulergarria izan behar badu sinpleagoa izan behar.

Beste lau lan ere aurkeztu ziren. Haiek ikusteko aukera izan duzu?
Ez, ez nekien zenbat aurkeztu ginen ere. Lana entregatzeko epearekin ere komeriak izan nituen. Lanez gainezka nenbilen eta udaletxera joateko denborarik gabe nenbilenez, beste pertsona bat joan zen nire lana entregatzera. Udaletxean esan zien nik neuk entregatu behar nuela, baina azkenean lortu zuen entregatzea arazoa aipatu ondoren. Epemugatik oso gertu zegoen eta entregatzen utzi izan ez bazioten ez dakit nola ibiliko nintzen aurkeztu ahal izateko.

Ofizioaz arkitektoa zara, ezta?
Bai, arkitekto lanetan nabil eta ilustrazio zein animazio arloan. Animazio estudio batean nabil lanean urtarriletik. Oso lantalde txikia gara, bost bat lagunekoa. Zinemaldian Sultanas Film pelikula eta animaziozko film bakarra izan da orain arte Urrezko Maskorra eskuratzen. Pelikula horretatik estudioa sortu dute fama eta ongietorri beroa jaso duelako pelikulak. Laburmetraia txikiak aritu gara egiten orain arte, baina luze batekin hastekoak gara laster. Bi urtetarako proiektua da printzipioz. Euskal Herrian oso jende gutxi dago horrelako lanak egiten dituena eta aukera ona da animazioa gustuko dutenentzat. Lantxo txikiak egiten ari gara eta horietako asko lehiaketetara ari dira aurkezten eta horien bidez finantzaketa lortzen ari gara. Hala lortu dugu film luzea egiteko finantzaketa ere. Zinemaldiko film hori ere promozionatzen ari gara leku askotan eta, modu horretara, diru laguntzak eskuratu eta proiektu berriak egiten ari gara. Arkitekturan ere obretan sartuta nabil. Modu independentean egiten dut lan arlo horretan. Azken aldian oso lanpetuta nabil eta lehiaketetan parte hartzeko denbora gutxiagorekin nabil. Egitarauaren diseinuarena izan da azken urtean parte hartu dudan lehiaketa bakarra eta irabaztea lortu dut.