Udaberrian egindako "Gipuzkoa Bertsotan" sailkapen fasea hilabete hasieran amaitu ostean, aurkeztu dute ostegun honetan, ekainaren 27an, udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa.
Bi herrikide izango ditu lehiakideen artean; batetik, udaberri honetan jokatu den Gipuzkoa Bertsotan ekimenean txapelketarako sailkatu den Uxue Fernandez Lasa eta aurreko ediziotik udazkeneko faserako sailkatua zegoen Asier Azpiroz Iztueta zubietarra bestetik. Lasak irailaren 22an Elgoibarren izango du final zortzireneko saioa; geroago, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari ere baden Azpirozek; urriaren 5ean Azpeitian.
Bi saio eskualdean
Txapelketa Fernandezen sorterrian, Urretxun abiatuko da irailaren 14an eta hiru hilabeteko lehiaren ostean, final handia, ohi bezala, Donostiako Illunben izango da abenduaren 15ean. Lehiaketa osoan zehar iragarri dituzten 16 saioak herrialdeko udalerri ezberdinetan jokatuko dira, haietatik zenbait hitzordu eskualdean bertan; Lasarte-Orian eta Andoainen.
Gipuzkoa Bertsotan ekimenak gogoan hartu bezala, txapelketak ere duela mende erdi, duela 50 urte Gipuzkoan abiarazitako lehen bertso-eskola oroituko dute.
Gipuzkoako Bertso Txapelketarako sarrerak salgai dituzue jada, ohi bezala, gazteek eta bazkideek merkeago.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Iraupena: irailetik abendura.
Parte hartzaileak: 48 bertsolari (haietatik 34, udaberriko Gipuzkoa Bertsotan ekimenetik sailkaturikoak. Gainerakoek duela bost urteko edizioan eskuratu zuten sailkapen txartela), 16 gai-emaile eta 15 epaile eta laguntzaile.
Saio kopurua: 16.
Saioen egutegia:
-Final zortzirenak: irailaren 14an Urretxun, irailaren 15ean Lasarte-Orian, irailaren 21ean Lazkaon, irailaren 22an Elgoibarren, irailaren 28an Hondarribian, irailaren 29an Andoainen, urriaren 5ean Azpeitian.
-Final laurdenak: urriaren 19an Eibarren, urriaren 20an Errenterian, urriaren 26an Azkoitian, urriaren 27an Irunen, azaroaren 3an Tolosan.
-Finalaurrekoak: azaroaren 17an Oiartzunen, azaroaren 24an Zarautzen, abenduaren 1ean Arrasaten.
-Finala: abenduaren 15ean Donostiako Illunben.
Herrikideak final zortzireneko saioetan:
-Irailaren 22an, 17:30 Elgoibarko Herriko Antzokian: Uxue Fernandez Lasa.
-Urriaren 5ean, 17:30 Azpeitiko Soreasu antzokian: Asier Azpiroz Iztueta.
Sarrerak: bertsosarrerak.eus
bertsozale.eus
Informazio gehiago:
Antolatzailea: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.