Usurbilgo jaiak

Arreta eta informazio toki bana asteburuan, denontzako festagune segurua izateko

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 28a, 08:58

Gaztelekuan arreta puntua kokatuko dute. Horrez gain, informazio gune bat ere egokituko dute Mikel Laboa plazan.

Erasorik gabeko Usurbilgo jaien aldeko lanketa bideratzen ari dira beste urte batez Jai Batzordetik. Arreta puntua eta informazio gune bat kokatuko dute datozen festetan. Emagin elkartearen eskutik hain zuzen, "Gaztelekuan arreta puntua egongo da, jaietan gertatzen diren edozein intentsitateko eraso matxisten aurrean, erasoa jasan duenari aurrez aurreko arreta emozionala zein bidelaguntza eskaintzeko". Jaietako datozen bi gauotan eskainiko da zerbitzu hau; ekainaren 28an, ostiralean, 22:00-3:00 artean eta biharamunean, hilaren 28an, larunbatez, 23:00-6:00 artean". 

Horrez gain, "Mikel Laboa plazan ere informazio gune bat egongo da, herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko helburu duena"; ekainaren 29ko gau partean.

"Antolatuta gaude eta erantzun egingo dugu"
Baliabideon harira, Usurbilgo mugimendu feministak gogorarazi duenez, "urte luzez goaz esaten, aurten ere egin dugu, eta beharbada beste mila aldiz ere esango dugu: ez dugu inolako eraso sexista, matxista, homofobo, transfobo edo arrazistarik onartuko. Antolatuta gaude eta erantzun egingo dugu. Borrokan jarraituko dugu kaleak eta gauak ere gureak izan arte".

Halere, gogorarazi dutenez, "hau ez da gure ardura bakarrik, herritar zein festen parte izango den pertsona ororen ardura ere bada. Beraz, jarrera inbasibo, erasokor edo bestelakorik ikusiz gero, ez begiratu beste aldera, ez izan konplize. Baina batez ere zure ardura da, denaren gainetik eta beste pertsona kontuan hartu gabe, edozer egiteko boterea sentitzen duenarena. Ez dizugu gure festetan nahi, beraz ez badakizu egoten ez etorri".