Usurbilgo jaiak

Hamar urte bete dituen Sareren elkarretaratzea gaur, ohi baino lehenago

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 28a, 08:35

Ohi baino ordu laurden lehenago, 19:45ean egingo da elkarretaratzea, Mikel Laboa plazan.

Usurbilgo jaiak izango ditugu albiste nagusi egunotan. Halere, jaiegunon artean egokitu da urtean zehar izaten den ohiko hitzordurik ere. Izan ere, ekaineko azken ostirala dugu gaurkoa, hilak 28 ditu. Ohi bezala, Sarek mobilizazioa deitzen du. Jaien hasiera honetan ere euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldarrikapenari tartea egingo zaio, baina besteetan baino ordu laurden lehenago; ez beti bezala arratsaldeko 20:00etan, 19:45ean Mikel Laboa plazan baizik.

10 urte
Elkarretaratzea Sareren hamargarren urtemugaren bueltan egingo da. Sortu zen leku berean bildu ziren iragan ekainaren 23an mugimendu honen sustatzaileak, Donostiako San Telmon. "Gaurko egoera oso desberdina da duela hamar urtekoaren aldean. Etapa bat bete dugu. Bukaera puntua jarri diogu 34 urte luze iraun duten urruntze politikek eragindako eskubide urraketari, eta orain beste etapa batean gaude: motzagoa izango da, ziur, eta oztopoak izango ditu, baina prest gaude haiei aurre egiteko", adierazi zuten.

Aurrera begira, "oso deialdi berezia egiten diogu honekin gizarte zibilari, segi dezan babesten SARE Herritarraren lana. Denon artean irekiko ditugu bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak".

Egunotan, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE, Etxalde) bat egin du baita Sareren urtemugarekin Hego Euskal Herriko hiriburuetan eginiko elkarretaratzeetan. "Urteotan egin duen ibilbidea zoriontzeaz gain, argi utzi nahi dugu bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean Sare Herritarraren ondoan jarraituko dugula hemendik aurrera ere. Handiak dira hamar urteotan denon artean egindako lorpenak, baina jakitun gara oraindik, langileok ere ba dugula zeregina euskal gizarteak jomuga duen elkarbizitzaren bidean. Lantokietan hasi eta euskal herrian barna konponbideari ekarpenak egiteko gizarteak duen nahia zabaldu eta etxeratze prozesuari ekarpenak egiteko konpromezua adierazi nahi dugu".