Ohitura zaharrak biziberritzen segitzen dute, transmisio katea ez da eten, bistan denez. Usurbilgo jaiak ofizialki hasteko ordu batzuen faltan, festa giroa auzoz auzo, etxez etxe hedatzen aritu dira egunsentian abiatu diren oilasko biltzaileak. Festetarako gogotsu asko direla erakutsi dute, eguerdian, Usurbilgo erdigunera itzuli diren garaian.
Atxegaldetik barrena sartu dira herrira. Kale Nagusian, Zendoia parean ohiko geltokia egin. Azken dantza saioen ondotik, goizean goizetik abiatu bezala, trikiti doinuen erritmora itzuli dira Mikel Laboa plazara. Han, jada tradizionala duten talde argazkia atera baino lehen, Bordatxo ondoko biribilgunea festa giroz, dantza betean inguratu dute, trikitilari eta panderojoleak erdigunean zirela. Azken kalejira, azken jira-bueltan biribilguneari eta albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute, Askatasuna plazan zain zuten bazkaritara abiatu aurretik. Oilaskoei gorazarre eginez amaitu dute egunsentian hasitako ibilbidea.
Bistan denez, haiek jada hasi dituzte festak, gainerakook baino lehenago.