Usurbilgo jaiak 2024

Festa giroa kalejira jendetsuak hedatu du herrian barrena

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 29a, 09:28

Bi txupinazoen arteko herri kalejira jendetsua egin dute ostiralean.

Herria festa hasieratik jaian bateratu, plazaratu eta kalejiran irteteko gonbita egina zuten aurtengoan ere. Azken urteotan hain zuzen, bi txupinazo izaten ditu herri honek; batetik, 19:00etan udaletxeko balkoitik jaurtitakoa, eta bigarrena, ordubete geroago, Mikel Laboa plazan pizten duten gazte txupinazoa.

Bi hitzorduon artean, udaletxeko hasiera ekitaldiaren ondotik festa giroa herrian barrena hedatzeko deialdia egin izan du azken aldian Jai Batzordeak. Irudiotan duzue aurtengoan egin dena. Geroz eta gehiago dira hitzordu honekin bat egiten dutenak.

Herritar eta eragileen elkargunea
Kalejira hau, gainerakoak bezala, baina bereziki hau, herri osoarena izatea nahi dute sustatzaileek. Ostiral honetakoa horren ispilu izan da. Ekitaldiak Usurbilgo erraldoi eta buruhandiak bateratu ditu, Zumarteko trikitilari eta panderojoleak, festen hasiera girotzera etorritako Jaixkipe txaranga eta, noski, belaunaldi ezberdinetako herritarrak; buruhandiengandik ihesi zebiltzan haurrak eta haien gurasoak edota txarangaren erritmora festa giroan zihoazen gazteak.

Bistan denez, kalejira herrikoi hau sendotzen doa urtez urte.