Usurbilgo jaiak 2024

"Guk badugu bizitzeko eta herria egiteko beste modu bat"

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 29a, 09:53

Parodia kritiko batekin, egungo herri eta bizimodua auzitan jarri eta bestelako eredu baten alde egin zuen Usurbilgo gazte mugimenduak, festen hasiera ekitaldian.

Ostiral arratsaldeko 20:00ak gehienontzat, aldiz, goizaldeko lehen ordua Mikel Laboa plaza erdian etzanda zegoen herriko bikote gaztearentzat. Iratzargailuak jo du, jaiki, prestatu eta badoaz txoznaguneko oholtzan egokitutako gimnasio inprobisatura. Bertan, musika erritmo bizira eta ariketa ezberdinen bidez, gorputza lantzen eta hainbat iruzkin egiten ageri dira gazte gehiago.

Bi "lider" datoz gero oholtza gainera, egunerokoan entzuten diren hainbat mezuren bozgorailu lanak egitera; zertarako ikasi zugan inberti badezakezu, ahalegintzea dela arrakastarako bidea, prekarietatearen aldeko aldarria egin dute, aisialdi eredu ez osasuntsuarena, eskubideen borrokaren deslegitimazioa... eta esaldi famatuari ere tartea egin diote; "ez engainatzen utzi".

"Hauek al dira gure ereduak?"
Hori guztia, Usurbilgo gazte mugimenduko ordezkariek oholtzatik alboratu zituzten arte. "Zer da hau?", galdetu zuten parodia kritiko honen ondotik. "Hauek al dira gure ereduak? Entzuten ari gara zer ari garen txalotzen? Gorputz idealak, meritokrazia, aberaskeria, erridikulua!".

Horren aurrean, "gaur behintzat, Usurbilen goazen erakustera badugula beste bizitzeko modu ezberdina, altxa gaitezen!" deitu zuten. Egunerokoan entzundakoaren bidez, "esaten digute askatasuna dela, da klasismoa eta matxismoa. Guk badugu beste bizitzeko eta herria egiteko modu bat, eta aurtengo festak, beste behin, horren adibide izango dira. Gora Xauxar!".

Honatx aipatu parodia horren zenbait irudi: