Usurbilgo jaiak 2024

"Goazen elkarren artean beste festa zoragarri batzuez gozatzera"

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 29a, 09:47

Usurbilgo gazte mugimenduak hausnarketarako parodia plazaratu ostean, egungo bizi eredua auzitan jarri zuen gazte txupinazoaren atarian. Jaia eta aldarrikapena uztartu dituzte festen hasieratik bertatik.

Aldarriz eta edukiz betetako gazte txupinazoarekin ekin diete ostiraletan festei txosnagunean. Gazteen bizi eredua auzitan jarri dute hain zuzen, lehenbizi Mikel Laboa plazan eginiko parodiarekin eta segidan, baita txoznaguneko oholtza gainean gazte mugimenduko ordezkariek hitza hartu duten unean. "Eskuindar neoliberalek saldu nahi diguten bizimodu faltsua" salatu dute. Izan ere, "beraiek patrikak dituz betetzeko aitzakipean, gainontzekoen bizitzaz aprobetxatzen diharduen belaunaldia gara". Horren aurrean, aldarrikatu dutenez, ordea, "gure hautua beti izan da eta betirako izango da errealitate krudel eta gordin honi hortzak estutu eta gure bizitzeko modua eraikitzea".

Ildo horretan, gogora ekarri dute iazko Elorrioko Gazte Topagunea. Ordutik, "ezin dugu burutik kendu bizitzeko modu bat lema, ez baitago modu hobeagorik, gu zer garen, nor garen eta nora goazen irudikatzeko. Gure bizitzeko modua hau baita; elkar errespetatu inor zapaldu gabe, elkar maitatuz bizi, maskulinitate eredu berriak eraikitzen saiatu, gizarte berdintasunerantzat feminismotik bidea eraiki eta edozein esparruetan egoera prekarioei hortzak erakutsiz, izan eremu sozialean, ekonomikoan edo abarrean".

"Iritsi da egun handia"
Testuinguru honetan murgildu dira festetan, hori, aipaturiko guztia kontuan izanda jai giroan direla ahaztu gabe. "Iritsi da egun handia, iritsi dira Santixabelak. Goazen elkarren artean beste festa zoragarri batzuez gozatzera, inongo eta inoren zapalkuntzarik gabe, ez dugulako ez eraso sexista, ez arrazistarik onartuko. Gora borroka feminista, gora herria eta gora Santixabelak!", goraipatuz jaiei hasiera eman dien txupinazoa piztu eta Jaixkipe txarangakoek giroturiko abestien erritmora dantzalekuan bilakatu du gazte mugimenduak Mikel Laboa plazako txoznagunea.

Honatx egunotarako iragarri duten ekitaldi eskaintza zabala:

Usurbilgo jaiak: gazte egitaraua
E
kainak 29, larunbata
14:00 Zikiro jana, Askatasuna plazan.
18:00 Txosnetan kontzertua: Tik Tara.
Ondoren, Laskotxaranga.
23:00 Kontzertuak frontoian: Ameba eta Dupla.
Ondoren, kontzertuak txosnetan: Ezpalak taldea eta DJ Reimy.

Ekainak 30, igandea
Egunsentian, Hamarru elektrotxaranga.
Ondoren, gaupaseroen argazkia.
18:30 Poteo elegantea txosnetatik abiatuta.
20:30 Erromeria frontoian: Itzal.
Ondoren, kontzertuak txosnetan: Akaleia, Ithaka eta DJ La Fulana.

Uztailak 1, astelehena
13:00 Mojitada herrikoia.
14:30 Gazte bazkaria txosnetan.
Ondoren, Anuk eta Elene.
18:00 Distopia elektrotxaranga, txosnetatik abiatuta.
20:00 Tapia eta Leturia, frontoian.
Jarraian, Bertsio Gaua txosnetan.

Uztailak 2, astelehena
18:30 Paella lehiaketa txosnetan. (Izen ematea 18:00etan)
23:00 Maskota erretzea eta traka, Dema plazan.
Ondoren, txosnetan: Pisoo&OPH raperoak eta Karaokea.