Inoiz baino nabarmenago, jai zaintzaileen aldeko apustua egin nahi izan du Jai Batzordeak aurtengoan, besteak beste, zaintzari, gertukoak, ezagunak zaizkigun herrikideen aurpegiak jarrita festen hasieratik bertatik.
Hala, bizitza osoan zaintza lanetan isilpean jardun eta egun zaintza jaso beharrean diren emakume taldea agertu zen ostiraleko txupinazo ekitaldira, udaletxeko balkoira, protagonista nagusiak; Juani, Maritxu, Angelines, Ixiar, Maria eta Rosa.
Hunkituta eta irribartsu herriaren berotasun eta eskertza jasota. "Festa hauek ondo-ondo pasa ditzagun, goza ditzagun. Baina baita ere ibili gaitezen jaietan, elkarri begiratuz, elkar kontuan hartuz, elkar lagunduz", galdegin zuten. Ildo beretik mintzatu zen baita Ixiar. "Jai zaintzaileak izan daitezen, jai zainduak egin ditzagun".
Haien eskutik piztu eta jaurti zen aurtengoan herriko festei hasiera eman dien suziria. Hori ostiral arratsaldeko 19:00etan izan zen udaletxe atarian. Aurretik egin zieten harrera udaletxe barruan, ordea, omenduak izan diren emakumeoi. Udalbatza osatzen duten udal ordezkariak ziren bertan. Usurbilgo alkateak omenduei "gora zuek eta gora emakumeak" adieraziz, eskuartean zituzten kopak altxa eta topa egin zuten harrera horretan.
Datozen hitzorduak
Jai egitaraua zaintzaz zipriztindua dagoen arren, jai zaintzaileei lotutako zenbait hitzordu nabarmendu dituzte antolatzaileek egunotarako. Honako hauek:
Ekainak 30, igandea
11:00 Joaldunak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berritik, Egurtzegitik abiatuko dira.
14:00 Jubilatuen bazkaria, Atxega Jauregian.
Uztailak 1, astelehena
10:30-11:30 Txutxu trena. Eguneko Zentroa eta Artzabalgo Helduak.
11:00-13:00 Toka txapelketa eta Santixabel Igel Jokoa, Artzabalen.
Uztailak 2, astelehena
11:00 Eguerdian egingo den lore eta salda banaketaren aurretik, loreak Egurtzegin bizi direnei helaraziko zaizkie.