Zaintzaren eta aniztasunaren jaiak hasi ditugula nabarmendu nahi izan zuen ostiral arratsaldeko festen hasiera ekitaldian Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. "Zaintza eta aniztasuna, ertzetako gaiak izatetik erdigunera ekarri ditugu aurtengo jaietan". Modu ezberdinetan hain zuzen.
Izan ere, batetik, ekitaldian omendu eta udaletxeko balkoian alboan zituen adineko emakume zaintzaileak goraipatu zituen eta haiek ordezkatzen zuten sektore zabala; oinarrizkoena den zaintza lanetan dabiltzan guztiak. "Aitortza, gure omenaldia eta maitasuna", helarazi nahi izan zien omenduei.
"Konpainia ederrean gaude gaur udaletxeko balkoian, festek ez dutelako adinik. Alboan ditugu, Juani, Maritxu, Angelines, Ixiar, Maria eta Rosa. Eurek dute aurtengo txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea. Herritarrek hala proposatuta, eta jai batzordeak hala erabakita. Aitortu behar dugu izugarrizko ilusioa eragin digula erabaki horrek. Izan ere, herriko amonei, herriko abuelei, herriko adineko emakumeei egin nahi diegulako gorazarre gaurkoan, gure bizitzen, gure etxeen sostengu izan diren eta gaur egun zaintza behar duten emakume hauei", alkateak nabarmendu zuenez.
Festak, "elkar zaintzarako eremu"
Aipatu moduan, herrikide omenduok ordezkatzen duten sektore osoa hartu nahi izan zuen gogoan, bide batez. "Era berean, balioan jarri nahi dut ere eta gure miresmena azaldu, gaur egun, zaintzaren sektorean lanean ari diren pertsona guztiei; izan etxeko arretan ari direnak edo bestelako baliabide eta egoitzetan ari direnak. Bada garaia euren lana aitortu eta balioa handiagoa emateko, izan sozialki edo izan ekonomikoki, argi izan behar dugulako honako premia hau; guztiok dugulako zainduak izateko eskubidea, baina ez beste pertsona baten eskubideen kaltetan".
Ildo horretan, Solaberrietak gogora ekarri zuenez, errealitate horren aurrean, "Usurbilen urteak daramatzagu herri zaintzaileagoa izateko helburuz, elkarlan publiko komunitarioan lanean, zaintza lanei bestelako balio bat eman nahian, bestelako ikusgarritasun bat eman nahian". Herri hau egiten ari den bidea islatu nahi izan duten aurtengo jai egitarauan. "Saiakera berezia egin da, zaintza beharra izanda ere festez gozatzeko eskubidea duten herritarrei eskubide hori bermatzeko eta, gainera, festak hurbiltzeko. Izan ere, zergatik ez, festak izan daitezkeelako zaintzarako, elkar zaintzarako eremu".
Ez ordea, soilik, elkar zaintzarako eremu, aniztasunaren plaza baita. "Usurbil herri zaintzailea izateaz gainera, harrera herri izateko lanean ari garelako. Ez dugulako nahi inor bere herrian arrotza sentitzerik eta nahiko genukeelako etorkizunerako oinarri sendoa ezarri, gure herriak gaur egun duen jatorri, identitate eta kultur aniztasuna onartu ez ezik, balioan jartzeko eta bizikidetzarako elementu izateko".
Bizikidetzan sakondu nahi izan zuen. "Elkarbizitza ez da soilik espazio fisiko bat partekatzea, bizikidetza elkar errespetua, enpatia eta herrikide izatea da". Horren harira, Usurbilgo jatorri ezberdinetako herrikideak gonbidatu dituzte udal ordezkariek uztailaren 2an "gurekin dantza egitera. Usurbil aniztasunean aldatzen ari delako eta aniztasun hori aberastasun hori, islatuko du aurtengo sokadantzak", iragarri zuen alkateak, "aniztasuna, mehatxua ez, aberastasuna delako eta hala landu behar dugulako. Milesker, beraz, gonbidapena onartu diguzuen herritarrei".
"Pertsona askeak, herri libre batean"
Aniztasunaren eta zaintzaren aldeko jaiok agerian utzi dute Solaberrietaren ustez, "jaiak badirela ere balioak lantzeko eremu" eta bizi dugun garaia ezin aproposagoa dela horretarako. "Gaur egun, bizi ditugun garai konplexu eta zail hauetan faxismoa, eskuin-muturra eta fobia guztiak ugaritzen ari diren garai hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoa delako balioak lantzea eta ondo sustraitzea"; tartean, errespetua. Horregatik, mezu argia helarazi nahi izan zien mutilei zein gizonezkoei: "izan bertako, edo izan kanpoko, ez badakizue ondo pasatzen, ez etorri festara, jaiak eta gure egunerokoa ez ditugulako beldurrez bizi nahi, aske baizik. Garena garela, guztiok dugu festa nahi bezala, bizitzeko eta gozatzeko eskubidea, askatasunean eta berdintasunean".
Txupinazo eguna, LGTBIQ+ pertsonen eskubideen nazioarteko egunean egokitu da aurten. Horren harira, "inoiz baino gehiago eta ozenago aldarrikatu nahi dugu sexu eta genero askatasuna, pertsona askeak nahi ditugulako herri libre batean. Beraz, gozatu ondo pasatu eta gora Santixabelak!".
Esker ona adierazi nahi izan zien festa egunok egitea ahalbidetu duten guztiei. "Txalo zaparra handi bat eskatu nahi dizuet, gu guztiok ondo pasatzeko azken hilabete luze hauetan festak antolatzen aritu den jai batzordearentzat. Izan ere, aurten ere egitarau bikaina antolatu dute herritik eta herriarentzat".