Usurbilgo jaiak 2024

10 urte bete dituen Sareren mobilizazio jendetsua, festen hasieran

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 29a, 09:12

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsari tartea egin zioten Usurbilgo festen hasieran. Izan ere, hileko azken ostiralarekin bat egin zuen jaien abiatzeak.

Ekaineko azken ostiralak aurtengo Usurbilgo jaien hasierarekin bat egin du aurtengoan. Festak eta aldarrikapenak egoki asko uztartu daitezkeela erakusten duen adibidea lerrootan. Sarek hilero azken ostiraletan deitzen duen mobilizazioari tartea egin zioten Mikel Laboa plazan, arratsaldean zehar egin ziren bi hasiera ekitaldien artean. Jendetsua izan zen Sarek deituta, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea.

10 urte
Elkarretaratzea Sareren hamargarren urtemugaren bueltan egin da. Sortu zen leku berean bildu ziren iragan ekainaren 23an mugimendu honen sustatzaileak, Donostiako San Telmon. "Gaurko egoera oso desberdina da duela hamar urtekoaren aldean. Etapa bat bete dugu. Bukaera puntua jarri diogu 34 urte luze iraun duten urruntze politikek eragindako eskubide urraketari, eta orain beste etapa batean gaude: motzagoa izango da, ziur, eta oztopoak izango ditu, baina prest gaude haiei aurre egiteko", adierazi zuten.

Aurrera begira, "oso deialdi berezia egiten diogu honekin gizarte zibilari, segi dezan babesten SARE Herritarraren lana. Denon artean irekiko ditugu bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak".

Egunotan, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE, Etxalde) bat egin du baita Sareren urtemugarekin Hego Euskal Herriko hiriburuetan eginiko elkarretaratzeetan. "Urteotan egin duen ibilbidea zoriontzeaz gain, argi utzi nahi dugu bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean Sare Herritarraren ondoan jarraituko dugula hemendik aurrera ere. Handiak dira hamar urteotan denon artean egindako lorpenak, baina jakitun gara oraindik, langileok ere ba dugula zeregina euskal gizarteak jomuga duen elkarbizitzaren bidean. Lantokietan hasi eta euskal herrian barna konponbideari ekarpenak egiteko gizarteak duen nahia zabaldu eta etxeratze prozesuari ekarpenak egiteko konpromezua adierazi nahi dugu".