Azken ordutako euria tarteko, lur-jausia A8 autopistan

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 29a, 08:59

Irungo noranzkoan itxi egin dute A8 autopista. Abisu horian izan gara goizaldean prezipitazio handiagatik.

Gogotik egin du euria azken orduotan. Abisu horian izan gara larunbat goizalde honetan prezipitazio handiagatik. Usurbildik gertuen, Euskalmet meteorologia agentziak Lasarten duen estazioan bildutako prezipitazio kopurua duzue beheko grafikoan.

Prezipitazio hauek bestelako eraginik ere izan dute. Esaterako, udalerri hau zeharkatzen duen A8 autopistan. Lur-jausia izan da goizaldean eta, ondorioz, Irunerako noranzkoa itxi egin behar izan dute.

Aurreikuspena
Datozen orduei begira, halere atertzera egingo duela ohartarazi du Euskalmet-ek. Larunbat honetan, Usurbilen, "arratsaldean atertuz joango da. Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Igandean hobekuntza nabarmenduko omen dugu. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da, batez ere arratsaldean. Goizetik aurrera ipar-haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Astelehenerako berriz euria iragarria dago. "Zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin arratsaldean. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.