Usurbilgo jaiak

"Munduari" bigarren diska aurkeztu dio Amebak bart

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 30a, 11:08

"Munduari" izeneko bigarren lana aurkezteko kontzertua eskaini du bart Usurbilgo taldeak herriko festetan.

Jaigunea lepo bete da bart kontzertu gauarekin. Dupla eta Ezpalak taldeek zein DJ Reimy elkartu zituen parranda gauari herriko musika talde batek ekin zion; Ameba musika taldeak.
Malen Azpiazu (ahotsa), Aritz Zabaleta (gitarra), Jon Mikel Azpiazu (baxua) eta Enara Eizagirre (bateria) laukoteak berriki plazaratu duten "Munduari" izeneko zortzi abestiko bigarren diska aurkezteko baliatu zuen frontoiko hitzordua.

Herri ordezkaritza zabala
Jai Batzordeak estreinakoz datozen ospakizun egunak aurkezteko eginiko agerraldian iragarri zuen moduan, goizetik gauera musika izango dugu protagonista nagusietako bat egunotan Usurbilen. Segidan dituzue iragarri diren musika hitzordu guztiak.

Etxekoen parte hartzea nabarmendu beharra dago. Ohi bezala, Usurbilgo sorkuntzaren aldeko apustua egin du Jai Batzordeak aurtengoan ere. Hala, Amebaren emanaldia izan dugu larunbat gauean, eguerdian  Fanfarrikant Brass Band talde berriaren itzuleraz gozatu ostean. Dantza egin eta abesteko aukera paregabea, beraz. 

Beste itzulera bat, Tapia eta Leturiarena. Otsailean Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean emandako kontzertu arrakastatsuaren ondotik, frontoira itzuliko dira astelehenean. Haien ostean, Bertsio Gau estimatua egingo da txosnetan. Herrikideak ikusiko ditugu bertako oholtza gainean, bertsio ezagunak jotzen. Aurretik ospatuko den Gazte Eguneko bazkalostea Anuk eta Elene bikoteak girotuko du.

Biharamunean, herriko trikitilarien topaketa. Santixabel egunez urteak daramate bildu eta kalejira egiten. Trikuk girotuko digu aurtengo uztailaren 2ko bazkalostea ere.

Herri ordezkaritza zabala, beraz, Usurbilgo jaietako musika hitzorduen eskaintzan. Herritik kanpoko hainbat talde ere gonbidatu ditu, ordea Jai Batzordeak. Segidan dituzuen hauek guztiak:


Musika hitzorduak jaietan
Ekainak 30, igandea
20:30 Erromeria frontoian: Itzal.
Ondoren, kontzertuak txosnetan: Akaleia, Ithaka eta DJ La Fulana.

Uztailak 1, astelehena
Gazte bazkariaren ostean, Anuk eta Elene.
18:00 Distopia elektrotxaranga, txosnetatik abiatuta.
20:00 Tapia eta Leturia, frontoian.
Jarraian, Bertsio Gaua txosnetan: Xuxena, Ekartzank Xira, Kolakau, Zakil Rekords, Disney, Land Dover, Gitayas, Zeonak, Kakitzat, Postariyak, Errezetak, Skagehiagotan, The Furuns, Ostiko-K, Herriko Pailazoak, Errezetak, Los Zopilovers Txirriaus, Skapau.

Uztailak 2, asteartea
09:00 Esnadeia, txistulariekin.
12:30 Triku taldearekin kalejira.
19:00 Puro Relajo musika taldea Artzabalen.
Ondoren, txosnetan: Pisoo&OPH raperoak eta Karaokea.