Erabat bete da Atxega Jauregia igande eguerdi honetan, ekainaren 30ean. Jaietako jubilatuen bazkaria ari dira ospatzen bertan. "Beste egun bat gehiago, hemen gaude herriko zaindariaren izenean", gogorarazi du Gure Pakea elkarteko ordezkari Damaxo Lizasok. "Beste urte bat gehiago hemen egoteko, lehengo urteko gehienak hemen ikusten ditut eta a zer poza ematen didan".
Ildo beretik mintzatu da baita, bazkaria hastekotan zirela hitzordura gonbidatu dituzten udal ordezkarien izenean, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa. "Beti diot plazerra dela bazkari honetara etortzea; beraz, milesker gonbidapenagatik".
Bazkaltiarrei begira adierazi dienez, "ikusten dugu festek ez dutela adinik, festak denontzako direla. Aurten, saiakera berezi bat egin da festak denontzako iristeko".
Ondo pasatzeko desioa helaraziz ekin diote urtero lagun mordoa bildu eta jubilatuen elkargune izaten den bazkari honi.