Usurbilgo jaiak

Onditz Oroituz Donostiako triatloi probak jaietan den herri hau zeharkatu du

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 30a, 10:17

Donostiako Triatloiko txirrindularitza probak jaietan den udalerri hau zeharkatu du igande goiz partean.

Ulergarria den moduan, gaupasaren ondotik, lozorroan zen herria ondoko irudiotako txirrindulariak gure artetik igaro direnean. Nahiko oharkabean igaro den kirol probaren berri segidan. Izan ere, Onditz Oroituz izeneko Donostiako Triatloiaren 37. edizioa jokatu da gaur. 520 kirolari zeuden izena emanda (440 gizon eta 80 emakume) Atletico San Sebastian elkarteak antolaturiko hitzorduan.

Hiru proba egin behar zituzten; lehenbizi kilometro eta erdi igerian Kontxako badian, txirrindularitzako 40 kilometroko proba segidan Gipuzkoako hiriburuan eta inguruko herrietan barrena. Azkenik, 10 kilometroko oinezko lasterketa Donostian.

Tarteko bigarren proba da hain zuzen gure artetik igaro dena; txirrindularitzarena. Gipuzkoako hiriburutik abiatu eta Errekaldetik barrena heldu dira N634 errepidetik Txikierdira. Handik Usurbilera eta Aginaga zeharkatu dituzte, Oriora heldu, Mendizorrotzera igo eta Igeldotik berriz abiapuntura itzuli aurretik.