Usurbilgo jaiak agurtu aurreko azken otordua lagunarte giro ederrean egitea hobetsi dute irudiotan dituzuen herrikideek. Izan ere, azken trakara bapo eginda joateko gonbita ohitura bilakatu da azken urteotan. Astearte arratsalde honetan, txoznagunean egindako paella lehiaketaz ari gara.
Usain ezinhobea zerion lehiaketari. Oinarrizko osagaiak antolakuntzak jarrita, nork bere sukaldaritzarako duen abilezia ezin modu egokiagoan utzi du agerian. Sukaldatutakoak ez du askorik iraun. Era askotan prestaturiko arroza gustura asko dastatu dute gero lagun koadrilek. Izan ere, horixe zen hitzorduaren aitzakia nagusia. Sukaldatutakoa lagun artean, herrian, plazan partekatzea. Jaietako azken orduak elkarrekin igarotzea.