Aurtengoz, jaiek berea egin dute. Bost eguneko parranda giro betean murgilarazi duten ospakizunak ondoko irudiokin amaitu dira astearte gau honetan; iragan ekainaren 25ean frontoian zintzilikatu zuten maskotari su emanda. Erabat birrindu da azken egunotan ikusmina eragin duen Jokin Eizagirre herrikideak sorturiko idi parea.
Goizean jaitsi dute frontoitik Dema plazara eta hantxe izan da egun osoz azken agurrerako prest. Ohiturak agindu moduan, sutan desegin da maskota jaien amaierako azken trakan. Garai batekoekin alderatuta, burrunbarik gabeko eta airera jaurtitako suziririk gabekoa, baina era berean, ikusgarritasunik falta ez zuena. 23:00etan ekitaldia hasi den unean ilunpean utzi duten plaza argitzerainokoa bai behintzat.