Festen biharamunean, Udajolas abian

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 3a, 10:42

Festak amaitu eta biharamun honetan ekin diote Udajolasi.

Usurbilgo jaiak amaitzearekin batera, azken asteotako atzerako kontaketa zerora ailegatu da. Iraileko ikasturte hasieran ikastetxe atarietan atera daitekeen irudi bera jaso zitekeen asteazken goiz honetan Usurbilgo erdigunean; oraingo honetan, ordea, udako aisialdi eskaintzari hasiera ematen dion irudia. Guraso eta haurren joan-etorria goizeko bederatziak pasatxoan. Izan ere, ohitura denez, herriko festak amaitu eta biharamunean hasi da Udajolas, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko udaleku irekiak. 

4-12 urte arteko 212 haur eta gaztetxok eman dute izena aurtengo Udajolasen; Haur Hezkuntzan dauden 67 haurrek eta Lehen Hezkuntzako beste 145ek. Guztira, 11 talde osatu dira Haur Hezkuntzan, 12 begirale izango dituzte. LH-n 15 talde osatu dira eta 16 hezitzaile izango dituzte. Ziklo bakoitzak, gainera, koordinatzaile bana izango du. Hauei, praktiketan arituko diren beste 9 hezitzaile gehiago batu behar zaizkie. Guztira, beraz, 212 haur eta 39 hezitzaileko lan-taldea osatu da Udajolasen bueltan. Albiste honi atxikitako argazkian duzue. Antolatzaileek helarazitako nabarmentzeko moduko zenbakiak, zalantzarik gabe.

Dinamika
Aurreko urteen antzera, gaurtik hasita, astelehenetik ostiralera eskainiko da zerbitzu hau, hilaren 30era arte, goiz partean, eta lau orduz, 9:30-13:30 artean. Ostegunetan ez, egun horietan irteerak izango direnez, arratsaldeko 16:30ak arte luzatuko da eskaintza hau. Aurten hiru irteera egun finkatu dituzte uztailak lau ostegun izan arren; izan ere, hilaren 25a jaieguna izango baita. 

Pandemia garaian hasitako ohiturari jarraiki, maila bakoitzeko taldea frontoia, Dema plaza edota Askatasuna plazaren bueltako txoko ezberdinetan elkartuko da egunero 9:30etan. Taldeka bildu arren, gero dinamiketan denak elkarrekin egongo direla gogorarazi zuten antolatzaileek ekainaren 18an Sutegin egindako bilkuran.

Puntualak izatea galdegin zieten antolatzaileek parte hartzaile izango diren haurren gurasoei, egunero haurra eraman nahiz bere bila pertsona bera joatea. Edozein aldaketa balego edota egunen batean joan ezin duenak aurrez jakinaraztea antolatzaileei, lana errazte aldera.

Aisialdi eskaintza hutsetik haratago
Zerbitzu publikoa da Udajolas, bilera hasieran antolatzaileek nabarmendu zuten moduan. Udalaren lizitaziotik NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko eskaintza hain zuzen, uda partean haurren hezkuntza ez formalaren alorrean, aisialdi tartean eragiten duena. Jolasa eta aisialdia ardatz izan arren, ordea, integrazioa, euskara eta herri ikuspegia txertatzea sustatzen du bere eskaintzan.