Lehen gazte taldeari harrera gaur Ziortzako kanpaldian

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 4a, 10:46

Ziortzak Errioxako Peñaloscintosen kokatua duen kanpaldira helduko da gaur lehenengo gazte taldea.

2023-24 ikasturtea amaituta, opor giro betean dira haur eta gazteak, baina aspertzeko beta handirik gabe. Ikasturtea bukatu orduko, Kalezarko eta Usurbilgo jaiez gozatzeko aukera izan dute hainbatek. Festa hauek igaro berritan, udako aisialdi ekimenak abiarazi dituzte hainbat eragileek; tartean, Ziortza gazte elkarteak. Urtero moduan, kanpaldia antolatu du Errioxan, Cameros aldean, Peñaloscintosen zehazkiago esanda.

Udaberrian bideratu zuten ekimen honetarako izen-ematea. Hiru txanda iragarri zituzten, DBH-ko gazteentzat. 3. eta 4. mailako taldea ostegun honetan bertan, uztailaren 4an helduko da kanpalekura. Astebeteko egonaldia egingo dute, lehen eta bigarren mailakoek hurrengo asteotan bezalaxe. Izan ere hiru egonaldi hauek antolatu ditu Ziortzak Peñaloscintosen:
-Uztailak 4-13: DBH 3-4.
-Uztailak 13-20: DBH 2.
-Uztailak 20-27: DBH 1.