Uztaileko agenda

NOAUA!ren 1000. alearen ospakizuna, bi bertsolari, musika talde bat eta jaiak uztaileko protagonistak

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 4a, 13:12

Usurbilgo jaiak igaro arren, izango da zer egin eta zer ikusia udalerri honetan, abiatu berri dugun uztaila honetan zehar.

Amaitu dira Usurbilgo jaiak eta haiekin azken asteotako etenik gabeko ospakizun eta hitzorduak. Uztaila nabarmen lasaiago dator kultur eskaintzaren ikuspegitik, baina badira, halere, nabarmendu beharreko hainbat hitzordu; tartean, zenbaki borobil bat. NOAUA! Kultur Elkarteak argitaratzen duen NOAUA! aldizkariak 1.000 zenbakia argitaratuko du uztailaren 19an. Zenbaki borobil eta handi horren harira, ospakizun berezia iragarri du NOAUA! K.E.-k hilaren 18rako Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.

Hitzordua bitan zatitu dugu. Hasteko, arratsaldeko 19:00etan ekitaldi berezia prestatu dugu bertan. Orduerdi geroago, gonbidatu berezi bat; Maialen Lujanbio. Bere "rr6-erre(AH)ala" izeneko "errezitaldi poetiko-bertso-performatibo-irakurri ikus-entzutekoaz" gozatu ahalko dugu. Sarrerak 6 eurotan eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman, NOAUA! K.E.-ko bazkideek 4 eurotan NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan bertan. "Emanaldiaren lehengaia hizkuntza da, erregistro desberdinetan erabiliko duena; hotsetan, testu idatzietan, hitz esanetan, bertsoetan... erregistro desberdinak baina denak bikain aurkeztuak, hitzaren jolasean artista delako bertsolaria. Soinuek eta pantailako proiekzioek lagunduko dute emanaldian interakzioa sortzen".

"Kantu berri bat gara"
Albiste honen lerroburuan estreinatu berri dugun urteko zazpigarren hilabete honetan gure artean bi bertsolari izango ditugula aipatu dugu. Izan ere, Maialen Lujanbiorekin batera, Jon Maia bueltan datorkigu Usurbila, datorren uztailaren 12an. Ostiral gau horretako 22:00etan hasita Dema plazan, "Kantu berri bat gara" izeneko emanaldia eskainiko du. "Abesti berriak zein bertsioak batu ditu Jon Maia bertsolari zumaiarrak “Kantu berri bat gara” lanean. Bira betean da, eta geltokietako bat Usurbil izango du. Maiak hainbat kolaboratzaile berezi gonbidatu ohi ditu bere emanaldietara, eta hala izango da Usurbilgoan ere", aurreratu du Usurbilgo Udalak. Ikuskizunerako sarrera doakoa izango da.

Floxbinen itzulera
Sortzaileek aurkezturiko lan berriak alboratu gabe, herriko musika talde baten itzuleraren lekuko ere izango gara hilabete honetan. Floxbin taldekoak bueltan datozkigu uztailaren 20an, Sutegira oraingo honetan. "Luzaroan oholtzetatik kanpo egon ostean, bueltan da Usurbilgo metal taldea", iragarri dute.

Hurrengo jaiak
Usurbilgo festak amaitu berri dira bai, baina jaien denboraldia hasi baino ez da egin. Kalezar eta Usurbilen ostean, Zubietaren txanda izango dugu hilabete honetan. Bertako Herri Jaiak hilabete honen amaieran, ohi bezala.

Bisita gidatuen eskaintza zabala
Uda giro honetan, turismorako aukera aparta izango da baita udalerri honetan. 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak hainbat bisita programatu ditu asteotarako; besteak beste, bisitari gehiagorentzat lekurik gabe geratu diren Usurbil Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudiora bisita hilaren 7an eta Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua organo erakustaldiarekin hilaren 20an.

Oraindik bada lekua uztailaren 18ko Zero Zabor bisitan, hilaren 21eko Museo Irekian eta Chillida Lekurako bisitan, hilaren 24ko Zaintzaren Usurbil bisita gidatuan eta hilaren 27ko Museo Irekian. Xehetasun gehiago eta izen ematea 650usurbilbizi.eus atarian bidera daiteke. Webgune berean jaso daitezke abuzturako nahiz hurrengo hilabeteetarako iragarritako bisita gidatuen berri ere.

Ikastaroak
Formazio saioak ere antolatu dira asteotarako; Sagarrondotik Sagardora zikloaren baitan, fruitu arbolen udako edo begiko txertaketa ikastaroa iragarri du Alkartasuna Kooperatibak hilaren 12an. Izena aurrez eman dezakezue, Alkartasuna Kooperatiban edo alkartasuna.eus atarian.

KzGunean ere hainbat ikastaro iragarri dituzte jada irailerako. Abuztuan itxita izango da, uztailean arratsaldez zabalik 16:00-20:00 artean.

Beste hainbat zerbitzurekin batera udako ordutegia indarrean duen Oiardo kiroldegiak ere irekita segiko du uda osoan kirola egin nahi dutenentzat; igerilekua itxiko dute soilik uztailaren 30etik abuztuaren 18ra.

Odol-ematea
Azken deialdi bat; Usurbilgo jaiak tarteko, urtero moduan, astebete atzeratu dute odol-ematea. Hilaren 1ean beharrean uztailaren 8an izango da odol-ematea.

Hitzordu hauetako hainbati buruzko xehetasun gehiago web orrialde honetako "Agenda" atalean aurki ditzakezue. Sarrera behar duten ekitaldi hainbaten berri baita usurbilkultura.eus plataforman.