Prezipitazio handiagatik abisu horian arratsaldean

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 5a, 08:00

Prezipitazio handiagatik ostiral arratsaldean eta iluntzean abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Ordu gutxi iraungo du gaurko iragarria dagoen bero boladak. Izan ere, arratsalde edota iluntze partean ekaitza leher daiteke. Hala dio behintzat, Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenak. Abisu horian izango gara ostiral arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte, prezipitazio handiagatik. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada trumoitsuak botako ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Zaparradekin batera txingorra egin dezake (3 cm baino handiagoa izan daiteke), eta haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (boladek 80-90 km/h-ko abiadura gainditu dezakete). Trumoi-ekaitzak hego-mendebaldetik ipar-ekialdera mugituko dira".

Giro honekin, gaur, uztailak 5, Usurbilen, "goiz-lanbroa. Zerua hodei gutxirekin egongo da. Arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira. Arratsalde-gauean zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Eki-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarteka bizia, arratsaldean ipar-ekialdeko haizea nagusituko da. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

Larunbaterako egun euritsua iragarri du Euskalmet-ek. "Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Euri txikia egingo du, noizbehinka ertaina. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Baliteke trumoi-ekaitzak izatea. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".

Atertzera joko du igandean, uztailaren 7an. "Zerua oso hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak gutxitu egingo dira eta zerua tarteka hodeitsu geratuko da. Egunaren lehenengo partean euri txikia egin dezake noizbehinka. Ipar-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarteka bizia; arratsaldean ipar-ekialdeko haizea nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.