15.000 izokin askatu ditu Foru Aldundiak Orian eta Urumean

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 5a, 08:12

15.000 izokin arrainkume askatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Oria eta Urumea ibaietan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatutako haztegian jaiotako 15.000 izokin askatu ditu Diputazioak ostegun honetan Oria eta Urumea ibaietan. "Askatzea Foru Erakundeak Natura 2000 Sarearen barruan abian duen proiektuaren barruan kokatzen da, lurraldeko biodibertsitatea babestea helburu duena".

Industrializazioaren eraginez kutsatutako urek Gipuzkoako ibaietatik desagerrarazi zuen izokin arrunta. Aldiz, "azken hogeita hamar urteotan egindako lanaren ondorioz, gaur egun, Gipuzkoako ibaiek espezie horretako aleak dituzte, eta urtero itsasoaren 100 ale inguru sartzen dira gure ibaietara ugaltzeko".

Hala, Foru Aldunditik aditzera eman dutenez, "ekainean eta uztailean izokin handiak sartzen dira (negu anitzekoak ere esaten zaie hauei, negu bat baino gehiago igaro baitute itsasoan), aurten 27 izokin sartu dira Urumean eta 20 Orian bi hilabete horietan. Kopuru horri ibaietan azarotik abendura bitartean sartzen diren izokin txikiagoak gehituko zaizkio, hilabete horietan ugaltzen baita espeziea".

"Espeziearen birpopulatze naturala egitate bat"
Espezie hau ugaltzeko bideratzen duten lanketaren nondik norakoak azaldu ditu Foru Aldundiak. "Aldundiak abian duen egitasmoaren dinamika da izokin basatiak arrantzatzea ibaian, foru erakundeak dituen bi harrapatze guneetan eta, ondoren, ale horiek haztegira eramatea espeziea ugaltzeko. Sei hilabeteko hazte prozesuaren ondoren, markatu egiten dira, ondoren Urumea eta Oria ibaien arroetako erreketan askatzen dira. Izokinak markatuz, itsasora irten ondoren jatorrizko lekura itzultzen diren espezie aleen kopurua kontrolatzen da".

Dinamika honen ondorioz, "arrain haztegian hazitako aleen %30 gure ibaietara itzultzen da", gainerakoa %70 "jatorri basatikoa" da. “Horrek esan nahi du gure ibaietan espeziearen birpopulatze naturala egitate bat dela", nabarmendu dutenez,  “ibaiak eta haien arroak garbitzeko eta hobetzeko azken urteetan egindako lanari esker”.

LIFE Kantauribai
Halere, ohartarazi dutenez, izokinen sarrera kopurua nabarmen murriztu egin da 2014-15 urteen ostean, "itsasoko uren eta Kantauri isurialdeko ibaien tenperatura igoeraren ondorioz". Horregatik, bertako espezieen babesa bermatu eta "Lurraren berotzea geldiarazteko" lanean jarraitzeko beharra azpimarratu dute Diputaziotik.

Foru Aldunditik iragarri dutenez, bestalde, "ibai ekosistemei lotutako espezieen eta habitaten kontserbazio egoera" bermatzea helburu izan eta 2022tik murgildua den LIFE Kantauribai egitasmora 10 milioi euro bideratuko ditu Diputazioak, "ibai oztopoak kentzeko eta arrainak igarotzeko bestelako oztopoak iragazkor bilakatzeko, izokinaren eta beste arrain espezie batzuen fluxua bermatze aldera ibaien etenak murrizteko, igarotzen diren arrainen kontrola eta jarraipena egiteko sistemak instalatzeko ahalik eta giza esku-hartze txikienarekin, eta zentral hidroelektrikoetako presek arrainen migrazioan duten inpaktua murrizteko, izokin populazioen tamaina % 10 handitzeaz gain".

Aipatu dutenez, orain arte, lan hauek bideratu ditu Foru Aldundiak: "izokin helduen ibaian gorako migrazioaren monitorizazioa irrati-segimendurako gailuekin; izokin gazteen ibai migrazioaren monitorizazioa, minizentral elektrikoen inpaktua ezagutzeko eta horiek murrizteko beharrezko neurriak jartzeko; Urumea Ibaia KBEan haltzadi kantauriarra hobetzeko jarduketak; arrainen kontagailu automatikoa instalatzea, adimen artifiziala erabiliz, ibaian gora doazen izokin iraultzaileen jarraipena egiteko, eskuz harrapatu behar izan gabe".