Uztailaren 12an

"Kantu berri bat gara" ikuskizuna aurkeztera itzuliko da Jon Maia

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 5a, 13:42

2021eko "Kantu bat gara" lanak izandako arrakastaren ondotik dakarkigu bigarren hau, uztailaren 12an Dema plazara.

Identitatea eta transmisioa ardatz dituen "Kantu berri bat gara" ikuskizunarekin bueltan datorkigu Usurbil aldera Jon Maia Soria bertsolari zumaiarra. Uztailaren 12an, kontzertu soil batetik haratago doan ikuskizun baten lekuko izango gara gaueko 22:00etan hasita Dema plazan. Usurbilgo Udalak antolaturiko emanaldirako sarrera doakoa izango da.

"Kontzertu baten ohiko egituratik harago"
2021ean Maiak kaleraturiko "Kantu bat gara" sorkuntza lanaren ondotik dator honako ikuskizun hau. Orduko hartan, berak 30 urteotan idatzitako kantuen antologia osatu zuen, "Ken Zazpik, Garik, Negu Gorriakek eta puntako beste talde eta musikariek ezagun egin dituztenak". Disko eta liburu hartan oinarrituriko bira arrakastatsua egin zuen gero. "Maiak berak kantatu zituen, Pello Ramirezek (celloa), Gorka Hermosak (soinu handia) eta Nacho Sotok (pianoa) lagunduta".

Lan haren segida da astebete barru Usurbilen aurkeztuko duena. Oraingoan, ordea, "kanta propioak ez ezik bertsio batzuk ere sartu ditu Maiak. Gainera, Nerea Quincoces perkusionistak egin du hasierako bandarekin bat. Kolaborazioak ere egongo dira eta horietako bat sekulako ezustea izango da. Liburuari dagokionez, berriz, Maiak bere iruditeria errepasatu du testu batean, street-art-eko erreferente Baluren ilustrazioek edertuta".

Goi mailako kolaboratzaileak izan ditu bidelagun. "Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Maddalen Arzallus eta Luis Pastor. Baina bat nabarmendu behar bada Silvio Rodriguez kantautore kubatarraren parte hartzea da, Nostalgia izeneko kantua euskaraz abestuz".

Plazaratuko duen ikuskizunari dagokionean, "kontzertu baten ohiko egituratik harago doaz bertsolari zumaiarraren emanaldiak proiekzio, kolaborazio berezi, inprobisazio eta ezusteko ugarirekin". 

Xehetasun gehiago datozen egunotan Maiaren beraren eskutik, NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketan.