Odol-ematea gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 8a, 09:00

Usurbilgo jaiak tarteko, ohi bezala uztaileko lehen astelehenean ez, bigarren honetan izango da odola emateko aukera, uztailaren 8an.

Usurbilen bi hilean behin lehen astelehenetan izaten da odola emateko aukera. Urte hasieran finkatzen duen egutegia eskuartean, uztailaren 1ean izan behar zuen hitzordu honek berez, baina, ohi bezala, urtero festak tarteko, astebete atzeratuko dute odol-ematea. Datorren saioa, beraz, gaur, uztailaren 8an izango da, arratsaldez, 16:30-20:10 artean Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan. Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.

Honatx odola emateko bete beharreko baldintzak:
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Taupada Gorriarekin bat egiteko deia
Ekainaren 14an Odol-Emailearen Nazioarteko Eguna izan zen. Albiste honi atxikitako irudiko kartelak eseki zituzten herrian egun hau oroitzeko eta eskertzeko. Hala zioten, odolaren koloreko tanta gorri handi bat irudikatzen duten kartelok: "1964-2024, 60 urte bizitza ematen. Mila esker".

Odol-emaileen sarera batzeko gonbita egin zuten baita; "egin bat Taupada Gorriarekin". Horretarako, aukera izango da laster.

Plasma ere emateko deia
Odolarekin batera, plasma emateko eskatzen hasiak dira. "Odolaren bolumen osoaren %55 da" eta bertan "odol-zelulak aurki ditzakegu: globulu gorriak, zuriak eta plaketak", azaldu dute Euskadiko Odol Emaileak bilgunetik. Herritarrengandik jasotako plasmarekin, "botikak lortzea da" garrantzitsuena; "kasu hauetan ez dago alternatibarik, lehengai hau, hau da, odol-emaileetatik lortutako plasma ezinbestekoa baita".

Plasma emateari "plasmaferesia" deitzen diote. "Odola erauzten da, banatzaile zelular baten bidez odol-zelulak banatzen dira, plasma gordetzen da eta gainerakoa bide beretik emaileari itzultzen zaio". Plasma emateko saioak "40-50 minutu iraungo du. Plasma gehienbat ura denez, emailearen suspertzea oso azkarra da, hori dela eta sarriago eman dezake". Hilero hain zuzen, urtean hamabi aldiz. Hori bai, "plasma emanez gero, gutxienez, 15 egun itxaron behar duzu berriro odola eman ahal izateko. Baina, odola eman baduzu, hilabete bat itxaron beharko duzu".

Plasma eman nahi dutenek donantesdesangre.eus atarian eskatu ahalko dute txanda aldez aurretik. Euskadin urtean 30.000 plasma-emate behar direla jakinarazi dute odol emaileen elkartetik. Atari berean jaso daiteke informazio gehiago.