Osoko bilkura

Haur Eskolako erabiltzaileen eskubide eta betebeharren ordenantza behin betiko onartu dute

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 8a, 11:44

Arautegi hau behin betiko onartu zuen udalbatzak ekainaren 27ko osoko bilkuran, hilabetez finkatua zegoen tartean aurkezturiko zazpi alegazioak erantzun ostean.

Apirilaren 11n eginiko ezohiko osoko bilkuran haur eskolari lotutako bi erabaki hartu zituen udalbatzak. Batetik, haren zerbitzu kontratua hiru urtez esleitzeko prozedurari ekitea onartu zuen. Horrekin batera, haur eskolako erabiltzaileei dagozkien eskubide eta betebeharrak zehazten dituen arautegia onartzea erabaki zuen baita. Udalak hartutako erabakia, apirilaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak kaleratu zuen. Biharamunetik, apirilaren 25etik aurrera, alegazioak aurkezteko 30 eguneko epealdia finkatu zuen Udalak.

Zazpi alegazio
Tarte horretan, zazpi alegazio aurkeztu ziren. Haiek banan-bana bozkatu zituen udalbatzak ekainaren 27an eginiko osoko bilkuran, aipatu arautegia behin betiko onartu aurretik. Onartu zituzten alegazioen artean, berez eskaintzen den arren, arautegi berrian irteera ordua zehazteko eskaera dago, horrek "erabiltzaileei onura ekarriko dio" eta, "ordutegi zabalagoa eskaintzen delako". Ordu laurdeneko irteera ordua finkatzen da, goizez, 10:45-11:00 artean 0-1 eta 1-2 urte artekoentzat, 11:45-12:00 artean, 2-3 urtekoentzat.

Ordutegiari lotutako beste alegazio bat ere aurkeztu zen; eguerdiko sarrera ordutegia moldatzea, "haurren jasoketa mailakatua ahalbidetzeko". Hala, 12:30etan finkatzea galdegiten da sarrera ordu hau 0-1 eta 1-2 urte artekoentzat, 11:45-12:00 artean 2-3 urte artekoentzat. Horrekin batera, arratsaldeko irteera ordua ere moldatzea eskatu da beste alegazioetako batean arrazoi berberagatik. Ondorioz, "arratsaldeko irteera ordua zabaltzea  (15:30-16:00 artean) eta haur eskolako haurrei askaria ez eskaintzea" eskatu da, baina alegazio hau ez zen onartu. Izan ere haur eskolako zerbitzua askaria barne dela eskaintzen da. 

Adin ezberdinetako haurrak multzokatzeko eskaera
Zenbait zehaztapen egitea ere galdegiten da alegazioak aurkezteko epealdi horretan. Batetik, otorduen ordutegian 2-3 urtekoei zuzenduriko zehaztapenak txertatzea, askaririk ez dela eskainiko erantsita. Lehen aipatu moduan, ordea, askaria zerbitzuaren barne dagoenez alegazio hau ez zen onartu. 

Seigarren alegazioa, haur kopuruari eta ratioei lotutakoa zen. Kasu horretan, honakoa eskatzen zen; "eskolan ez badago ratioa betetzeko haur nahikorik, adin ezberdineko haurrak gela berean multzokatzeko baimena lortu ahalko dela arautzea". Alegazio hau onartu zuten, baita zazpigarrena eta azkenekoa ere; haur eskolan erreserbaturiko plaza gehienez 8 hilabetez gordetzea, "itxaron zerrenda egongo balitz plaza bat ikasturte erdia baino gehiago erabili gabe egotea ekiditeko".

Bozketa
Hartutako erabaki guztiok (alegazioei erantzutea eta ordenantza bera betiko onartzea) gehiengo osoz onartu ziren EHBilduren eta PSE-ren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. Jeltzaleen bozeramaile Xabier Otxoak adierazi zuenez, "puntu askorekin bat gatoz, baina ehuneko ehunean doakoa izango den haur eskola publikoa defendatzen dugu". 

Araudiak dioena
Usurbilgo Udalak behin betiko onarturiko haur eskolako erabiltzaileen eskubideei eta betebeharrei buruzko arautegiak, besteak beste, hezitzailearekin izan beharreko eguneroko harremanak finkatzen ditu, zerbitzu honen ordutegi egutegia, egokitzapen prozesuaren nondik norakoak, gurasoek etxetik eraman beharreko gauzak, osasunari buruzko araudia, isiltasunaren buruzko xehetasunak, haur kopurua eta ratioak zeintzuk diren, matrikulazioa, itxaron zerrenda eta bajei buruzko argibideak. Azkenik, baita prezioaren zenbatekoa eta gobernantza eredua arautzen du. 

Araudi hau apirileko osoko bilkuran udalbatzak hasieraz onarturiko saio hartan, udal gobernu taldetik azaldu zutenez, haur eskolako plaza kopurua mugatzea erabaki dute. Gehienez, 92 haurrentzako lekua egongo da. Alkate Agurtzane Solaberrietak azaldu zuenez, "Usurbilen egon daitekeen eskaerari erraz erantzuten dio". Ratioak ere zehaztu zituzten. Legeak ezarritakoaren azpitik izango direla jakinarazi zuten. 

Gela bat irekitzeko beharrezko gutxieneko haur kopurua ere zehaztu dute araudi honetan. Hiru haur beharko dira 0-1 adin tartean, eta bosna 1-2 eta 2-3 adin tarteetan. Halere, "adin taldeak nahasteko aukera" izango dela iragarri du udal gobernu taldeak.

Ordutegiari dagokionean, ordubete murriztuko dute haur eskolako zerbitzua. Irailetik aurrera, 8:00-16:00 artean eskainiko da (orain arte, 7:30-16:30 artean eskaini izan da). Egin duten azterlanean, orain arteko erabilera ordutegia zein den aintzakotzat hartuta, "murrizketak kalte txikia" eragingo duela aurreikusten du udal gobernu taldeak. Gainera, Partzuergoko haur eskolek indarrean duten ordutegia da hauxe. Haur eskolak eragingo duen kostuaren kontentzio ariketa egin behar izan dutela nabarmendu zuen alkateak eta horren baitan murriztu behar izan dutela ordubetez zerbitzu hau.

Kuota murritzagoak eta hobariak
Erabilera prezioei dagokienean, garai beteko kuota nabarmen jaitsiko da. Garai batean, 300 euro ordaindu behar izaten ziren. Datorren ikasturtean, doakotasunaren bidean, egun osoko erabilera egingo duten erabiltzaileek 60 euroko kuota ordaindu beharko dute, 40 eurokoa zerbitzu hau egun erdiz baliatu asmo dutenek. Familien errentaren arabera, haur eskolako hileroko kuota ordaintzeko %50-90 arteko hobariak eskuratzeko aukera izango da.

Araudi honen testuinguruan, gainera, Udalaren eta lizitatzailearen artean, haur eskolako guraso eta langileekin koordinazio mahaia osatuko dute. Maiztasun jakin batekin bilduko da, interesekoak izan daitezkeen gaiak jorratzeko.