Urte berrirako Usurbilgo Udalak onarturiko ordenantza fiskaletan zenbait aldaketa txertatzea onartu zuen udalbatzak apirilaren 25eko osoko bilkuran, bi aste lehenago haur eskolari lotutako bi erabaki hartu ostean. Izan ere, apirilaren 11ko saioan bertako erabiltzaileen betebeharren eta eskubideen araudia onartu zuten. Horren aurretik, haur eskolaren zerbitzu kontratua hiru urtez esleitzeko prozedura abiatzea ere erabaki zuten udal ordezkariek.
Araudiari dagokionean, bestelako berrikuntzen artean, kuotak nabarmen murriztea erabaki zuten. Garai batean 300 euro ordaintzetik, datorren ikasturtean, haur eskolaren egun osoko erabilera egingo duten erabiltzaileak 60 euroko kuota ordaintzera igaroko dira, 40 eurokoa zerbitzu hau egun erdiz baliatu asmo dutenak. Horretarako, 2024ko ordenantza fiskaletan haur eskolari lotutako kuoten aldaketa hau txertatu zuten.
Halere, erabaki hau egokitzapen gehiago egiteko ere baliatu nahi izan zuten. Aldaketok gehiengo osoz onartu zituzten EHBilduren eta PSEren babesarekin. EAJ abstenitu zen. Gerora ireki zuten epealdian erreklamaziorik egon ez denez, ekainaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez Usurbilgo Udalak jakinarazi zuen, behin betirako onartu dituztela 2024ko ordenantza fiskaletan txertaturiko aldaketok.
Ikastaroak eta hobariak
Esaterako, haur eskolako erreserba kuota ere 30 eurotan finkatzea erabaki zuten egun osorako; 20 eurotan lanaldi erdirako. Bestetik, kirol zerbitzuen esleipen berria prestatzen ari da Udala. Lizitazio berriak langileen soldatak eguneratzea eta eguerdietan kiroldegia irekitzen segitzea kontuan hartzea ekarriko du. Ondorioz, ikastaroen prezioak berrikusi eta garestitu beharra ere bai. Asmoa, igoera progresiboa izatea da, lau urteetan %25 garestitzea ikastaroen prezioak, igoera kolpekoa ez izateko. Horrekin batera, ikastaroen arteko oreka sustatu nahi dute, ikastaroak bateratu, erabiltzaileek horien hautaketa egiterakoan aukera berdintasuna sustatze aldera, egoera ekonomikoa edozein izanda ere. Behar duenak norberaren errentaren araberako hobarien eskaintza zabala eskura duela gogorarazi du Udalak, beste behin.
Aldaketa gehiago ordenantza fiskaletan. NOAUA! K.E.-ren Udajolaseko kuotetan ere aldaketatxo bat txertatuko dute ordenantza fiskaletan. Izan ere, harrera familietara datozen haurren kasuan, kuota doakoa izango da.
Azkenik, hobarien sistema ere egokitu egingo du Udalak. Zehazki araudi horren bi artikulu aldatzea erabaki zuen udalbatzak. Batetik, lanbide arteko gutxieneko soldatan izan den igoera islatua utziko dute. Honenbestez, hobarien taula eguneratuko du Udalak eta modu honetan geratuko da:
Bizikidetza unitateko pertsona kopurua |
Hobaria |
||
%90 |
%75 |
%50 |
|
1 |
< 17.464 |
17.464 – 19.845 |
19.846 – 23.814 |
2 |
< 22.861 |
22.861 – 25.878 |
25.879 – 31.117 |
3 |
< 24.925 |
24.925 – 28.418 |
28.419 – 34.133 |
4 edo + |
< 26.830 |
26.830 – 30.641 |
30.642 – 36.674 |
Azkenik, hobarien erabilera egoki eta desegokiak zehaztuko dituzte baita ordenantza fiskalotan. Aurrerantzean, hobarion erabilera desegokiagatik, hauen onuradun izateko eskubidea galdu ahalko da, soilik erabilera desegokia egin den hobarien kasuan. Izan ere, Udala zenbait onuradunek hobarion erabilera desegokia egin dutela ohartu da, beste zenbait onuradunen kasuan bizi-baldintzak aldatu zaizkiela eta ez diotela horren berri Udalari jakinarazi.