Ibai Arrieta: "Grabazio estudioan hasitakoa kontatzen jarraitu nahi nuen"

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 10a, 12:23

Gorka Urbizu urteko fenomenoetako bat izaten ari da. 'Hasiera bat' diskoa plazaratu zuen urtarrilean eta haren segidan iritsi dira 'Kaier bat' liburua eta 'Janela' erakusketa. Lan hauen guztien lekuko zuzena izan da Ibai Arrieta argazkilaria.

'Janela' erakusketan, Gorka Urbizuren 'Kaier bat' liburuan bildu zenituen argazkiak plazara ekarri dituzula esan daiteke, ezta?

Bai, liburuaren nolabaiteko jarraipen bat litzateke. Antzeko gauzetaz ari gara, baina beste erregistro batean. 'Kaier bat' liburuan, Gorkaren lekukotzak du garrantzia eta argazkiekin bere koaderno pertsonal hura osatu genuen. Artefaktu literario mimatu bat egin nahi zen, eta liburuan ondo funtzionatzen zuten nik egindako argazkiek eta Alex Cabeza Trigg zinemagilearen filmazioetako fotogramek.

Erakusketa honetan ordea, beste ikuspuntu bat nagusitzen dela esango nuke. 'Hasiera bat' diskoaren grabaketa prozesuaren eta zuzeneko lehen aurkezpenen lekuko izan nintzen eta ikuspegi hori da hemen jaso duguna, Alex Cabeza Trigg zinegileak egindako ikusentzunezkoekin batera. Alex ere diskoaren grabazioan izan zen eta berak jaso zuen materiala ere erakusketa honetan batu dugu.

 

Berri Txarrak-en 'Berba eta irudia' liburuan parte hartu zenuen. Orain, 'Kaier bat' liburuan eta 'Janela' erakusketan ageri dira zure argazkiak. Zure argazkilaritza lana azaleratzeko beste modu batzuk dira hauek, ezohikoak bezain interesgarriak, ezta?

Berri Txarrak-en liburua modu kolektiboan egin zen, eta urtebetez egin zen jarraipen baten emaitza izan zen. Eta argazkilari gisa, denbora luze batez gai bat jarraitu ahal izateak asko erakartzen nau.

Honakoan, argazkilari gisa disko baten grabaketa prozesua erretratatzea eskatu zitzaidan.

 

Gorka Urbizuren bakarkako lehen diskoaren grabazioa sekretupean egin zen. Zuk ere sekretua mantendu beharko zenuen.

Ziurgabetasuna handia zen. Gorkak ez zekien zer gertatuko zen grabazioan, kanta horiek argitaratuko ote ziren ala ez... Baina planteamendu hau egin zidan: grabazioaren testigantza grafikoa jaso, eta gero gerokoak.

Grabazioak aurrera egin zuen, diskoa iritsi zen gero, eta horrekin batera etorri ziren promozio argazkiak, zuzeneko emanaldien jarraipena... Beste behin ere, oso modu naturalean sortu da gai bat epe luzez jarraitzeko aukera eta hori oso aberasgarria izan da niretzat. Halako egitasmoak oso erakargarriak egiten zaizkit.

 

Ibai Arrieta: "Erakusketa, musikarien zuzenekoetara gerturatzen den formatu bat dela esan daiteke"

 

Diskoak bezalaxe, Gorka Urbizuren inguruko erakusketak ere ezustean harrapatu gintuen.

Prozesua azkarra eta intentsua izan da. 'Kaier bat' plazaratu eta berehala sumatu zen liburuak nolabaiteko interesa piztu zuela. Nik zerbaiten hasiera gisa ikusi nuen, eta grabazio estudioan hasitakoa kontatzen jarraitu nahi nuen. Gainera, galdera asko bururatzen zitzaizkidan: behin diskoa kalean, kanta hauek zer nolako bilakaera izango dute zuzenean? Ze formaziok defendatuko du lan hau? Zaleek nola biziko dute? Galdera hauen guztien erantzunak bilatzen jarraitu nahi nuen. Bide horretan, eta argazkilaritzaren ikuspuntutik, musikarien zuzenekora gerturatzen den formatu bat da erakusketa. Eta ideia hori bera erakargarria egiten zitzaidan.

Erakusketa Donostian dago ikusgai, Santa Teresa komentuan,eta uztailaren 14ra arte egongo da zabalik.

Planteamendua egin eta berehala jaso genuen baiezkoa. Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdiak eta Koldo Mitxelena Kulturguneak interes handia agertu zuten. Zuzeneko emanaldien jarraipena egiten hasi nintzen eta aldi berean erakusketarako edizio lanari ekin genion. Ez da erraza izan. Bilboko Kafe Antzokiko saioa eta gero erabaki nuen erakusketaren antolaketari lehentasuna ematea.

Erakusketa bi hilabeteko lanaren emaitza izan da eta behin erakusketa bideratu eta gero, zuzeneko emanaldien jarraipenari ekin diot berriro.

 

Ibai Arrieta: "Erakusketa bi hilabeteko lanaren emaitza izan da, eta ikasbide prozesu oso interesgarria"

 

Erakusketak zer nolako harrera izan du?

Oso pozik nago izaten ari den bilakaerarekin. Gaur egun, argazkilarion erakusleiho handi bat sare sozialak dira. Erraz ohitu gaitezke erabilera horietara baina ni saiatzen naiz koherentzia bat mantentzen. Erreminta potente bat da baina ez dut uste argazki baten azken erakusleihoa izan beharko lukeenik.

Gainerakoan, urratu dudan eremu berri bat izan da niretzat. Orain arte erakusketa apalagoak egin izan ditut. Kasu honetan, Gorka Urbizuk jakinmina pizten du eta horrek ere baldintzatzen zaitu nolabait, baina erakusketara etortzen direnekin halako feedback-a sortu da, bestela ematen ez litzatekeena. Prozesua bera oso aberasgarria bihurtzen da eta asko ikasten da. Ikasbide prozesu oso interesgarria izan da niretzat.

---------------------------------------------------------------------------------------------------------------

“Janela”. Leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora

"Garbiñe Ortega komisarioak Gorka Urbizu musikariaren, Ibai Arrieta del Pico argazkilariaren eta Alexander Cabeza Trigg zinemagilearen talentua bildu du, hasiera berri baten sorrera adierazten duen erakusketa bat sortzeko. Argazkiei eta 16 mm-ko filmei esker, taldearen une magikoak bizi ditzakegu sortze-prozesuan Teatre de Ca l'Eril estudioan, Lleidan", Koldo Mitxelena Kulturgunearen web orrian irakurri daitekenez. "Museo-altzari guztiak Recreakultenak dira, eta proiektuaren oinarri den etika indartzen laguntzen dute. Etika hori materialen berrerabilpenean eta kultura-sektorearen ingurumen-inpaktua murriztean oinarritzen da, jasangarritasuna helburu duelarik".

 

Igandera arte zabalik

Inaugurazio ekitaldia ekainaren 14an egin zen. Gorka Urbizuk 'Hasiera Bat' diskoko hainbat kanta eskaini zituen.

Uztailaren 14ra bitarte egongo da zabalik, asteartetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara.

 

Bisita gidatuak Ibai Arrietarekin

Uztailaren 11n eta 12an erakusketa Ibai Arrietaren azalpenek lagunduta ikusteko aukera izango da. Bi egunetan 17.30ean hasita. Izen-ematea: photo@ibaiarrieta.com helbidean.

 

Santa Teresako komentuko klaustroan

Erakusketa Santa Teresa komentuan topatuko duzue, Donostiako alde zaharrean, portualdean. Gaztelubide kaletik gora eginez aurkituko duzue Koldo Mitxelena Kulturguneak Santa Teresa komentuan egokitu duen klaustroa.