1. Iñurri eguna Usurbilen

"Zatoz Iñurri Eguna gurekin ospatzera!"

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 9a, 14:18

Egitasmoa abiarazi zutenetik bost urte bete dituzten honetan, estreinakoz lehenengo Iñurri Eguna ospatuko du izen bereko elkarteak, irailaren 7an Usurbilen.

"2019an jaio ginen, ohartu ginenean ez zegoela minbizia normaltasunez, tabuetatik libre eta zuzenean nahiz zeharka bizi duten pertsonak ahalduntzeko eran lantzeko gunerik". Ordutik, bost urteko bidea jorratu dute. "Orain arteko bideak argi utzi digu premia erreal, urgente eta behar baino ikusezinagoei erantzuten ari garela". Eta horretan dihardute. 

Egitasmoan urrats berri bat ematera doa orain, "minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik" diharduen Iñurri elkartea, sarean iragarri dutenez. "Bost urte dira proiektu honi hasiera eman genionetik, bost urte eta milaka abentura. 10.000 pertsonako sarea eta emakume zoragarriz osatutako tribua. Miloi bat emozio bizi izan ditugu denbora honetan eta hau dena inguratzen diguzuen guztioi esker izan da. Horregatik, badator lehenengo IÑURRI EGUNA!".

Irailaren 7rako ospakizun eguna iragarri dute Usurbilen. "Zatoz Iñurri Eguna gurekin ospatzera!", egin dute gonbita antolatzaileek. Horretarako, parte hartzera deitu dute. "Beste behin ere zuen babes eta laguntza nahi eta behar ditugu, egun solidario hau zuekin ospatu nahi dugulako. Borobildu, beraz, gorriz IRAILAK 7a Iñurriko egutegian eta beti diogun bezala: zer egingo degu ba HIL ARTE…BIZI!". 

Iñurri
Elkartea hobekiago ezagutzeko zenbait xehetasun segidan. "Minbizia lehen pertsonan bizi duzuen edo bizi izan duzuen pertsonak, eta minbizian oso modu zuzenean lagundu/laguntzen duzuenak. Fasea edozein izanik ere: frogak egiten ari naiz, nire amari lagundu nion bere minbiziaren prozesuan, etab", haiek guztiek osatzen dute iñurrien tribua.

Espazio seguru eta taburik gabekoa eskaintzen dute. "Bizipenak partekatzea eta ulertua eta lagundua sentitzea. Hizkuntza berbera hitz egitea. Zu zeu izateko eta sentitzeko aukera. Emozio askeak, barrea, negarra, haserrea… Ahalduntze indibiduala eta kolektiboa".

Izan ere, "tribuaren parte izan zaitezke edo laguntza modu indibidualizatuan jasotzen jarraitu. Ahalik eta pertsonalizatuena izan dadin, espazio berezituak ere sortzen ditugu gaixotasunaren egoeraren nahiz bakoitzaren testuinguruaren arabera (pertsona gazteak, metastasia, etab.)".

Hortik aurrera, "bazkaltzeko geratzen gara edo plan desberdinak egiteko, erretiroak eta tailerrak antolatzen ditugu, minbiziari buruzko informazio interesgarria zabaltzen dugu, gure kanpainetako nahiz ekintza kulturaletako protagonista bilakatzen zaituztegu… Egia esan, gaixotasunaren kaka guztia ahaztera ere irits gaitezke une batzuetan. Minbiziarekin ere, bizirik gaudelako!".

Interesa duenak izaninurri.eus atarian jasoko du informazio gehiago eta bertan baita elkartearekin hartuemanetan jartzeko dituen bideen berri. "Bidali e-mail bat, deitu eta jakin ez duzula zure historia kontatu beharrik. Bakoitzaren denborak eta intimitatea errespetatzen ditugu. Zuk erabakiko duzu zenbateraino hartu nahi duzun parte, guk berdin gonbidatuko zaitugu egiten dugun guztira".