Zumetaren “Usurbilgo lehoia” eskuratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 10a, 10:49

Argazkiak: Usurbilgo Udala.

Jose Luis Zumetak 1985ean sortutako "Usurbilgo lehoia" izeneko sortze lana erosi du Usurbilgo Udalak. Potxoenean kokatu du.

Potxoeneak Usurbilgo sortzaile handi baten lan eder askoa du esekia jada, Urdintxo izeneko gelan hain zuzen. Izan ere, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, Jose Luis Zumetaren “Usurbilgo lehoia” izeneko bere 185x270 tamainako artelana erosi du 18.000 euroren truke. “1985 urtekoa da obra, papiroen bildumakoa, uhin-kartoia eta tenpera erabilita egindakoa. Zumetaren Usurbilgo muralaren 50. urteurreneko egitaraua amaituta eskuratu du obra udalak, eta, aldi berean, artistaren bi kartel eman dizkio, dohaintzan, Zumeta Arte Estudioak udalari. Hirurak Zumetaren Usurbil erakusketan ikusteko aukera izan ziren”.

Udaletik oroitarazi dutenez, “Zumeta batik bat abstrakziorako joeragatik zen ezaguna, baina figurazioan ere hainbatetan ibili zen bere ibilbide artistiko osoan. Esaterako, 1970eko hamarkadaren amaieran, hogei urtez jorratutako abstrakzioa alde batera utzi eta errealismoan eta figurazioan murgildu zen, Zumeta Arte Estudioak azaldu duenez: “1980ko hamarkadaren krisiaren testuinguruan, bai garaiko ekonomiari zegokionez, eta baita pertsonalki ere, 1984 eta 1985 urteetan uhin-kartoia eta tenpera aukeratuko ditu bere unibertsoa adierazteko. Aurreko esperientzietan ezohiko materialak erabilitakoa zen Zumeta, baina 1984 eta 1985 urteetan egin zuen uhin-kartoiaren ezaugarriak ahal bezainbeste probesteko hautua”.

Bi kartel dohaintzan
Kontserbazioa errazteko marko batean babestua dago artelan hau. 70 artelanetik gorako Papiroak izeneko bildumako sortze lan honek “berak udal arte bilduma osatzeko interes artistiko berezkoa du, eta, horrez gain, Usurbili erreferentzia zuzena egiten dionez, herriarentzako interesgarri izan daitekeela iritzi dute bi aldeek”.

Gunea beste artista baten sortze lanarekin partekatuko du. Izan ere, “gela horretan bazegoen beste artelan bat lehendik, Alejandro Tapiaren Txokoalde, gauez izenekoa. Zumeta Arte Estudioaren aholkuei eutsita, haren lekua hartu du, orain, Usurbilgo lehoia -k, eta aretoaren atzeko horman jarri dute Tapiarena: arreta handiagoa deitzen du orain, eskaileretatik igo ahala lehen begi kolpean ikusten baita”.

Aipatu obra honez gain, Zumeta Arte Estudioak “Zumetaren bi kartel eman dizkio, dohaintzan, udalari. Batek Santixabel festetako bertso saio bat iragartzen du, eta bestea, berriz, Usurbil herri izendatu zuteneko 600. urteurrenaren harira egindakoa da: azken hori Pelaioenean jarriko dute, eta bestearen behin betiko kokapena erabakitzeko dago”.