Datozen jaietarako datak zehaztu dituzte

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 11a, 09:48

Kalezarko eta Usurbilgo jaien ondotik, Zubieta, Urdaiaga eta Atxegalderen txanda izango da hurrengo asteotan.

Jaien denboraldi betean gara inguruotan. Urtero moduan, Kalezarko festekin ekin genion sasoi berri honi. Usurbilek hartu zuen gero lekukoa bost egunez, uztailaren 2ra arte. 

Festa hauek igarota, aste batzuetako atsedenaldian gara, indarberritu eta hurrengo ospakizunetan murgiltzeko prest izateko. Izan ere, Zubietak egingo die harrera bertako herriko festei laster. Uztaila agurtuko duen "Aste Nagusia" izango dute bertan, kontzertu gau, haur jolas, txapelketa, jan-edan eta beste hamaika hitzordurekin.

Zubietarren topagune nagusi diren jaiok amaitu, egunbeteko atsedena hartu eta ekingo zaie segidan Urdaiagako jaiei. Hiru eguneko Xanistebanak izango ditugu auzoko plazaren bueltan; dantzariak, bertso saioa, kontzertu gauak, auzotarrak biltzeko jolas eta otorduak, haurrentzako ekintzak.... Denetarik.

Abuztuko lehen asteburuan izango da hori guztia, amaierakoan Atxegalden izango dute eta jai. Auzoko 48 orduko festak txupinazoarekin hasi eta bertso musikatuen saioarekin borobilduko dira. Tartean, bi kontzertu gau, umeentzako ekintzak, jan edana eta zenbait txapelketa programatu ditu bertako Jai Batzordeak. Hau dena prestatzeko, bilera irekia deitu dute uztailaren 30ean arratsaldeko 18:00etan auzoko plazan.

Festa hauen guztien datak finkatuak daude, honako hauek izango dira:


Datozen jaien egutegia
Zubietako jaiak
Hasiera: uztailak 24.
Amaiera: uztailak 31.

Urdaiagako jaiak
Hasiera: abuztuak 2.
Amaiera: abuztuak 4.

Atxegaldeko jaiak
Hasiera: abuztuak 23.
Amaiera: abuztuak 25.