Usurbilgo Udalaren eta Udarregi ikastolaren zein Aginagako eta Zubietako eskolen arteko lankidetzatik datorren egitasmo baten berri segidan, aurten martxan egon dena eta datorren 2024-25 ikasturtean segida izango duena; haur eta nerabeen euskara maila hobetzeko errefortzu klaseak. Izan ere, proiektu honi jarraipena ematea erabaki dute aipatu egitasmo honen sustatzaileek, Udalak eta hiru ikastetxeek.
Lankidetza horren baitan, HH5 eta DBH 4 arteko haur eta gaztetxoentzako euskara errefortzu klaseak eskaintzen segiko dute irailetik aurrera. "Amaitu berri den ikasturtean eskaini dituzte saiook lehenengo aldiz, eta balorazio ona egin dute bultzatzaileek: horregatik, hurrengo urtean molde berean jarraitzea erabaki dute. Irailean izango da izen-ematea, eta urritik aurrera izango dira saioak", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.
Amaitu berri den ikasturte honetan, bost taldeetan multzokaturiko 51 ikasleek parte hartu dute errefortzu saio hauetan. Bost taldeotako bi Aginagan eta Zubietan osatu dira, beste hirurak Usurbilgo erdigunean. "Herriko hiru ikastetxeetako ikasleez gain, Lasarte-Orian eskolatutako zenbaitek ere parte hartu dute. Jatorriari erreparatuta, Euskal Herrian jaiotakoez gain, beste hamabost herrialdetan jaiotako ikasleek parte hartu dute".
"Ahozkotasuna eta jolasa" oinarri
Ikasturte honetan zehar, "astean bitan aritu dira, ordu eta erdiz. Duten adinean behar baino maila apalagoa duten ikasleek izan dute lehentasuna, eta, batez ere, herrira heldu berri eta oinarrizko mailarik ere ez zeukatenek. Eskolaz kanpo euskara barneratu eta sendotzeko beste espazio bat ematea izan da saioon muina. Ahozkotasuna eta jolasa izan dira oinarri nagusiak".
Ikasturtean zehar, halere, zenbait aldaketa egin dituzte egitasmoaren hurbileko jarraipena egin duten ikastetxeek, Udalak eta Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak, eta saioen gidaritza lanetan jardun duten bi hezitzaile herrikideek. "Azaldu dutenez, gurasoen iritziak ere jasotzen saiatu dira, eta aintzat hartu dituzte egindako ekarpenak: bileretan esandakoez gain, galdetegia erantzun duten guraso guztiek adierazi dutenez, saio horiek euren seme edo alabei hizkuntza barneratzen lagundu diete, eta gustura parte hartu dute".
Ikasturte berrira begira
Datorren ikasturtera begira, Udaletik jakinarazi dutenez, zerbitzua lizitatzekotan da. Gainerakoan, orain arteko ildotik jarraitu asmo dute. "Molde berean jarraituko dute lanean: ikastetxeek identifikatuko dituzte saiook baliogarri izango zaizkien ikasleak, eta parte hartzera gonbidatuko dituzte. Horrez gain, herriko ikastetxeetan eskolatuta ez daudenek ere parte hartu ahal izango dute, betiere mailaketa-probaren baitan. Udala, bere aldetik, Lasarte-Oriako Landaberri eta Oriarterekin harremanetan izan da, esaterako, beharra luketen Usurbilgo ikasleengana heltzeko. Izen-ematearen arabera, bospasei talde sortzeko premia egon daitekeela aurreikusi dute.