Egurtzegik urtebete

Kantu-jiran helduen egoitzetan, bizipoza partekatzen

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 11a, 11:06

Cullera (Valentzia) bizitoki duten Maria Jesus Urbieta eta Julian Borda usurbildarrak kide gehiagorekin otxotea osatu eta hango egoitzetan kantu-jiran dabiltza azken urteotan, bizipoza guneotan bizi direnei helarazten. Udaberri honetan, Egurtzegin izan dira. Ohitura honen nondik norakoez galdetu diogu Urbietari.

Egurtzegi inauguratu zenetik urtea beteko da uztailaren 11n. Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berria herrian txertatzeko ahaleginean, hainbat bisitari izan ditu azken urtebetean; tartean, lerrootako protagonistena, Culleran (Valentzia) bizi diren Maria Jesus Urbieta eta Julian Borda kide dituen otxotearena. Haien kantu taldearen berri jaso dugu lerrootan. 

Noiztik bizi zarete Culleran?
Lau urte daramagu eta hemen geratu ginen, konturatu baikinen hemengo negua desberdina zela. Hemen negua leunagoa da, berogailu beharrik ez eta askoz hobeto. Hemen koadrilatxo bat segituan egin genuen, alde horretatik ere oso ondo gaude. 36 urte dira hemen etxe bat hartu genuela itsasoaren aurrean, toki polita da. Lehen, noizean behin etortzen ginen egun batzuetarako.  

Kuadrilla osatu duzuela diozu. Sare horrek kantuzale taldea osatzea ahalbidetu dizue?
Benidormera joaten ginenean hondartzan kantu-jira bat egoten zen egunero. Gustatu eta esaten genuen ea zergatik ez genuen halako zerbait osatuko Culleran. Liburuxka bat atera genuen gure gustuko kantekin eta hasi ginen hondartzan abesten, duela hiru urte. Taldean, Baionako gizon bat dugu eta adierazi zigun ea lagunduko genion otxote bat osatzen. Ama egoitzan zuela oroitzen zuen eta tarteka nola talde batzuk abestera joaten ziren. Une horietan, ama piztu egiten omen zen eta abesten ederki pasatzen zuela zioen. Halako talde bat sortu nahi zuen. Lagunduko niola esan nion eta hala osatu genuen egun dugun taldetxoa. 2023ko otsailean entseatzen hasi ginen. Handik, etxetik gertu dugun egoitzakoei adierazi genien nahi bazuten joango ginela abestera bertan bizi zirenei. Segituan baiezkoa eman ziguten, joateko lasai. Asko gustatu zitzaien. Hala hasi ginen pixkanaka, hamabostean behin, batzuetan astero, saioak inguruko egoitzetan eskaintzen. Hemen asko daude, herri batzuetan bizpahiru ere badaude. Hala hasi ginen eta hortxe segitzen dugu. Hala, udaberri honetan, Usurbila joan beharra suertatu zitzaigun. Nik Hernaniko egoitzan 99 urteko izeba bat dut eta taldekoei proposatu nien bertan kantatzea. Hernaniko egoitzakoekin hitz egin nuen aldez aurretik. Pare bat bideo bidali nizkien nortzuk ginen ikus zezaten. Segituan baiezkoa eman zidaten. Bide batez, alabak adierazi zidan ea Egurtzegin zergatik ez ginen saiatuko. Deitu nien eta han ere izan ginen. Oso pozik aritu ginen. Kalezarren solairuz solairu joan ginen abesten. Euskal kanta ezagunak txertatu genituen, Mikel Laboaren "Txoria Txori" esaterako. Taldeak kanta ikasteko denbora gutxi izan arren, ederki saiatu ginen. Izan ere, euskarazko kanta ezagun batzuk sartu nituen liburuxka honetan eta saiatzen naiz gure kantak abesten. Talde kideei itzultzen diet kantek esan nahi dutena.

Pandemiaren ondorena bizi berritan hasi zineten egoitzetan abesten. Zer nolako harrera egin zitzaizuen?
Oroitzapen oso ona dut. Esaten zietenean kantatzera gindoazela, haientzako pozgarria zen. Konturatu zirenean kantak oso ezagunak zirela, kuadrillan batzuk baditugu oso ausartak direnak jendea animatzen eta oso gustura aritu ziren zeregin horretan. Aurreneko emanaldietan musukoa jantzita eman behar genuen. Beraiek ere bai. Batzuk baziren beldur gehiago zutenak, inguru hurbilean zerbait gertatu zitzaielako. Beldur pixka bat bazegoen, baina pixkanaka hori ere kendu zen eta normaltasunez jardun dugu. Batzuk espontaneoki ateratzen ziren dantzatzera. Oso bideo politak ditugu garai hartakoak. Ahoz ahokoak funtzionatu zuen gero. Egoitza horietan bizi direnen senideei esaten zietenean kantatzera gindoazela, ikustera joaten ziren. Asko eskertzen zuten. Ea berriz noiz joango ginen galdetzen ziguten, ahal bagenuen biharamunean itzultzeko. Hemen, egoitzetan daudenak bakardade handia bizi dute. Beraiekin hizketan jarri eta istorio latzak kontatzen dituzte. Horregatik, animatzeko zerbait egin beharra ikusten genuen. Saiakerak merezi duela iruditzen zait, halako talde gehiagok egon behar lukete egoitzetara joateko. Horren erakusle, Suecako erresidentzia zoragarrian izan ginen abesten. Azkenekoz egon ginenean, hango monitoreak adierazi zigun gu gindoazelako emakume guztiak ile-apaindegian izan zirela. Horrek argi uzten du haiekin une atsegin bat bizitzera norbait joateak eragiten dien poza. 




Zuen bisitak eta kantuek lagunduko diete egoitzatik kanpoko mundura gerturatzen ezta?
Bai. Oso atseginak dira, oso esker onekoak. Gure etxetik gertu dagoen egoitza batean, Zumarragako emakume bat dago. Esan genionean euskaldunak ginela, haren poza! Komentatu dugu berriz egoitza horretara itzultzen garenean Mikel Laboaren "Txoria Txori" abestu behar diogula.

Hernani eta Egurtzegikoak salbu, gainerako saioak zuen inguruan eskaini dituzue?
Bai. Valentzian bertan, eta hemen, gu bizi garen herri inguruetan. 12 egoitzetan egon gara, haietatik batzuetan joan izan gara bizpahiru aldiz. Asko eskertzen dute, bizipoza ematen die haiekin egoten garen uneak. Hori ikusten dugunean guk ere oso gustura pasatzen dugu. Saiatzen gara pixkanaka hobetzen, hobeto egiten; bideoak ikusita akatsak ikusiz, hobetzen. Ilusioz eta aurrera jotzeko prest gara. 

Zuk aldez aurreko esperientzia baduzu. Usurbilgo Irriu abesbatzan parte hartutakoa zara. Nola oroitzen duzu bilgune hau?
Kantatzea asko gustatzen zait, beti izan dut gustuko. Irriu abesbatzan urte asko egin ditut. Hona etorritakoan utzi behar izan nuen. Baina gabonetan horra joan izan naizenetan, beti ahalegindu naiz abesbatzara joaten, gustuko dut giro hori. Hemen beste abesbatza batean parte hartzen hasi nintzen. Bertan dena valentzieraz egiten da, abesbatza oso ona da. Zuzendari bikaina dugu. Hasieran valentzieraz ez nuen ulertzen asko, baina hiru urte daramatzat bertan. Hemen musika zaletasun izugarria dago, hor bezala. Igandero hemen kontzertua egoten da. Jendez betetzen da beti. Oso emanaldi onak izaten dira. Txikitatik izaten dute kontzertuetara joateko ohitura. Mugimendu handia dago inguruotan. Erraztasun handia dago jendea musikara sartzeko eta gozatzeko. Musikazalea denak, musika gustuko duenak, hemen zaletasun handia aurkituko du.  

Kantuarekin hartueman luzea duzu. Zer eman dizu zaletasun honek? 
Alaitasuna, bakea, poza. Kantatzen nagoenean ondo sentitzen naiz. Zuk kantatzen duzun unean, aurrean aurpegi alaiak ikusten badituzu, horrek merezi du. Ez da kostatzen, erraz prestatzen zara horretarako. Osatu dugun kuadrilla hau ere bai, Usurbila etorri eta Hernaniko egoitzan zein Egurtzegin saioa eskaintzeko proposamena egin nienean bezalaxe.  

Usurbila etorri zaretenean hona itzultzeko tiradizorik sentitu izan duzue? 
Behin jubilatuz gero, hemen bizi-kalitate ederra dago. Itsasoa duzu, entretenimendua, eguraldi ona. Udaberria hemen zoragarria da ekainera arte. Ekaina edo uztailetik aurrera asko berotzen du. Udan ez nuke aholkatuko hona etortzea, itsaso ondoan egonda ere. Udan hor hobeto gaude. Azken urteotan, gainera, bero handiagoa egiten ari da. Alziran egon ginenean, ez dago itsasertzean, eta hangoak uda heltzeko beldurrez zeuden, oso gaizki pasatzen dutelako. Azken urteetan geroz eta bero handiagoa dute. Beraz, uda hor pasako dugu, gero berriz hona itzuliko gara. Gainerakoan, entretenituta bizi gara hemen. Eguna konturatzerako joaten zaigu.