Usurbilgo jaiak

Zaintza lehenesteko apustua egin duten herriko jaiak iruditan

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 11a, 10:44

Ekainaren 28tik uztailaren 2ra izandako herriko festetako irudi bilduma "Usurbilgo jaiak" izeneko web orrialde honetako kanalean duzue ikusgai.

Herri eta jai zaintzaileagoak izateko apustuaren islada argia izan dira berriki ospatu ditugun herriko festak hasieratik. Izan ere, gogoan izango duzuenez, ekainaren 28ko txupinazoa herriko adineko emakume zaintzaileek jaurti zuten, elkar zaintzarako deia eginez. Zaintza presente izan da hainbat ospakizunetan; lore eta salda banaketan, txutxu tren zerbitzuan, joaldunen nahiz txistularien kalejiratan, garai bateko Usurbili buruzko Sutegiko proiekzioan...

Denetarik eta denontzako jaiak izateko ahaleginean, herritarrak ikusi ditugu herri kiroletan lehiatzen, erromeria giro betean dantzan afalaurretik programatu diren hainbat talderen emanaldietan (Itzal, Tapia eta Leturia...). Dantzan ez bazen, bost ospakizun egunetan antolatu diren kalejiretan herrian gora eta behera, dastatze herrikoietan parte hartzen... Haurrentzako ekintzak izan dira, Gazte Eguna ospatu da, helduen bazkaria, zikiro jana eta ekitaldi gehiago; hala nola, belaunaldi berria protagonista izan duten oilasko biltzaileak, Fanfarrikant Brass Band taldekoen festetako estreinako kontzertua... eta askoz gehiago. Guztia, ikusmina sortu eta zaindari lanak egin dituen idi parearen begiradapean, sutan birrindu zutena festei amaiera ekitaldian.

Bizi berri izan ditugun Usurbilgo festen irudi bilduma "Usurbilgo jaiak" izeneko kanalean bildu dugu. Helbide honetan dituzue, festetako argazki, bideo eta testuak: noaua.eus/bereziak/usurbilgo-jaiak-2024