"Kantu berri bat gara" ikuskizuna eskainiko diguzu uztailaren 12an. Aurreko emanaldiari berri hitza erantsi diozu. Hortxe nobedadea.
Bigarren lanak nobedadea du kantu gehienak berriak direla eta ez lehenengo lanean izan ziren bezala bertsioak. Hori nahi nuen azpimarratu. Diskoan 1400. urte inguruko euskal kantu zaharrenetik abiatzen gara (Bereterretxeren Kanthoria) eta bukatzen dugu "Euskal Herria B" izenekoarekin. Abesti hau Euskal Herria adieraztean akordatzen ez garen Euskal Herria horretaz dihardu; industriala, hirietako auzoak, euskalkirik gabekoak, etorkinak, ez dena berdea eta urdina… Etengabe berritzen ari den kantu bat da gure herria eta gure identitatea eta ideia hori nahi nuen azpimarratu izenburu horrekin. Ikuskizuna ere berria da, berritua.
Zergatik gara kantu bat?
Kantu egituran ezagutzen dugun abesti zaharrena da Bereterretxeren Khantoria. Nola da posible Zuberoako borda hartan, 1400 urte inguruan hasi zen kantu horren bizitzak gaur egun jarraitzea 600 urte pasa eta gero Spotifyren garairaino? Kantu horren bidaian azaltzen da ondoen nire ustez, gure biziraupenaren sekretua.
Transmisioa izan da gakoa?
Transmisioa eta giza kate erraldoi bat. Kantu hori sortu zenetik gaur arte Nafarroako erresuma galdu zen, Frantziako errepublika iritsi zen, munduko bi gerra pasa ziren Iparraldean, Gerra Zibila Espainian, lau hamarkada luzeetako diktadura, eta zatiketa administratibo bat. Dena, gure hizkuntza, gure kultura eta gure identitatea galzorian jartzeko neurriz beteak. Orduan, nola da posible kantu horrek 600 urteko bidaia bat egin izana bidean galdu eta desagertu gabe? Gauzak eraldatu egiten dira baina inoiz aldatu, galdu ez dena da gure kantu horren existentzia.
Iragana aipatu duzu, baina zer nolako orainari eta etorkizunari kantatu nahi diozu ikuskizunaren bidez?
Nire ikuskizun hau aitzakia bat da nire herri proposamena plazaratzeko. Hori da nire helburu nagusia; edertasunaren eta emozioaren bidez, herri proposamen bat egitea. Kontzertuan zehar irudikatzen dut Euskal Herri bat, Bereterretxeren Kanthoriaren garaitik hasten dena eta gaur egungo hirietako periferietan bukatzen dena, etengabe eraldaketan ari den euskal identitate bat, euskal identitate berriaren bilaketa. Iraganetik etorkizunerako proposamen bat egiten dut.
Tokian tokiko eragileen parte hartzearekin ezta?
Gustatzen zait joaten naizen lekuan bertako errealitatearekin konektatzea moduren batean eta bertako jendeari ahotsa edo presentzia ematea. Horrek aldi berean, kontzertu bakoitza errepikaezina edo bakar bihurtzen du. Usurbilen ere hala izango da.
Zer nolako harremana sortzen duzu ikus-entzuleekin?
Niri gustatzen zait moduren bateko engaiamendu bat, harreman zuzena izatea joaten naizen lekuarekin. Batzuetan joan izan naiz aurretik bertako jendearekin egotera. Gustatzen zait hori dena bizitzea kontzertuaren bueltan. Zorionez, azkeneko bi urte hauetan harreman handia izan dut Usurbilekin. Horregatik ere berezia izango da niretzat kontzertu hau.
Hilabete hauetan zer harrera izan du zure herri proposamenak?
Joaten garen lekuan beti da hunkigarria gertatzen dena. Kontzertu guztietan oso harrera beroa jaso dugu, jende pilo bat etorri da eta nabaritzen da kontzertua kantuak entzutea baino gehiago dela. Nabaritzen da jendeak gogoz eta esperantzaz hartzen duela ematen diogun herri proposamen hori. Azkenean, uste dut denok nahi dugula bide-orriak ikusi. Saiatzen naiz jendeari ipar bat ematen. Euskal Herri proposamen bat egitea jendeak beso zabalik hartzen du eta zorionez, jende askok bat egiten du horrekin. Oraingoan, errepertorio berriarekin zalantza nuen nola joango zen kontzertua, baina lehenengoarekin bezalaxe kontzertuak hasieratik bukaerara indar handia daukala sumatzen dugu.
Nabari duzu, beraz, bide-orri beharrean bagaudela?
Nik uste dut Euskal Herria trantsizio egoera batean dagoela. Berdefinitzen ari gara gure bizimoduak, adierazpen kulturalak, dena. Euskarak ere ziklo historiko bat agortu duela uste dut eta lehenbailehen ziklo berri bat hasi beharra daukagu. Arazo unibertsalak ere iritsi dira gugana; intolerantzia, xenofobia, homofobia eta ultraeskuinaren erasoa... Mehatxuz betetako mundu batean gaude. Jendeak ziurgabetasun handia sentitzen du munduari begira. Pandemiak ere eragin handia izan du. Edozein momentutan dena aldatu daitekeela egiaztatu dugu. Horregatik uste dut, jendeak gogotsu hartzen duela proposamen zehatz bat egiten zaionean. Gurea proposamen zehatza da, nire tesia litzateke, nire Euskal Herriaren ikuskera, hasten dena Zuberoako borda batean eta bukatzen dena hirietako periferietako euskaldunekin.
Zer aldarterekin joan beharko genuke zure ikuskizunera?
Zabalik, ondo pasatzeko eta emozioz betetako gau bat bizitzeko aldartearekin.
Zer modutan ari zara ikusten zuk sustaturiko 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren garapena?
Usurbildarrek nola ikusten zuten beren herria, zerk ezaugarritzen zuen eta zer nahi zuten balorean jarri, haiek emandako informazio eta iritzi horiei guztiei forma ematea izan zen nire lana. Apustu berritzailea zen. Herri identitatea dinamizatu eta proiektatzeko egitasmoan bihurtu da, bide-orri modukoan eta hori gauzatzen ikusteak poz handia ematen dit. Uste dut, Usurbil itsasargi bat izan daitekeela beste turismo eredu baten bide horretan. Herri eredugarria da. Begira parte hartze prozesu zenbat dituen eta herritarrek zer parte hartze aktiboa duten herriaren diseinuan eta bizi ereduan. Harritu nintzen hasieran, Usurbil deskubritu nuenean. Baina deskubritzen duzu herri bat, 6.000 biztanlekoa, non Europako daturik onenak dituen zaborraren kudeaketan, inon martxan jarri ez diren zaintza politikak dauzkan, biak ere herritarren borrokatik eta parte hartzetik lortuak, kultur sorkuntzaren presentzia duena kaleetan, Euskal Herri gehienean galtzear dagoen sagardo kultura dagoen baserri eta etxeetan, euskararen erabilera Euskal Herriaren bataz bestekotik izugarri gora dagoen, Euskal Herriko lehen Euskararen Astea bertan egin zen, Ez Dok Amairuren topalekua izan zen, non Artze anaiak eta Zumeta bezalako figurak zeuden... Usurbilek ditu gauza asko Euskal Herriko herri gehienek ez dituztenak, herri txiki bat izanik. Hori dena balorean jarri eta egitasmo berriak abiaraztea izan da guk egindako proiektuaren funtsa. Askotan erakustekoak ez direla iruditu zaizkigun gauzak dira, aldiz, munduan jende askori interesatu dakizkiokeenak. Usurbilek berezitasun asko ditu eta balorean jarriz gero, oso erakargarriak direnak beste mundu bat eraikitzeko tresna eta palanka izateko. Usurbil turismoan ere aitzindaria bihurtu da.
Ostiraleko ikuskizuna, beraz, itsasargi horretara itzulera izango da zuretzat?
Usurbil benetan herri berezia da, nik ere maitasun berezia diodan herri bat. Kontzertua ere, beraz, berezia izango da. Espero dut jendea etortzea eta gau berezi bat izatea, gau magiko bat.