Ekainaren 28tik uztailaren 2ra izandako herriko festei buruzko balantzea plazaratu du Usurbilgo Jai Batzordeak. Herriak egin, zaindu eta garatutako festak izan dira”, nabarmendu dute. Eguraldiak zenbait uneetan kaleko zenbait ekintzetarako bidelagun egokia ez da izan eta hortxe hurrengo urteei begira hobetu beharreko kontu bat, Jai Batzordekoen esanetan; "euria egiten duenerako aterpedun alternatibak hobeto fintzea".
Gainerakoan, "aurtengo Santixabelak “primeran” atera direla nabarmendu dute. Oro har, festa “lasaiak” izan dira, “ezbehar edo gorabeherarik gabeak”, eta, aldi berean, herritarrek festetan gero eta gehiago parte hartzen dutela" nabarmendu dute.
Horren lekuko, ospakizun egunotan izandako hainbat ekitaldi jendetsu; tartean, kontzertuak, herritarren arteko herri kirolak, txupinazo bezperako garai bateko Usurbilgo irudiei buruzko proiekzioa edota erromeriak. “Aspaldian ez bezala, adin tarte guztietako jendea ikusi da dantzan frontoian”.
Jai Batzorde barrura begira, batetik, festa zaintzaileagoen alde eginiko apustuarekin gustura dira eta "aurrerantzean ere bide horri eusteko beharra" azaldu dute. Horrekin batera, sarean lan egiteko emandako pausoak ere goraipatu dituzte. "Oso lagungarria izan da, horretarako, ekimen batzuk elkarrekin bideratzea: aurkezpena, salda-banaketa, kalejira...”. Gazteek eginiko lana nabarmendu dute bereziki.