Pantailekin elkarbizitza osasuntsuagoa sustatzeko ahaleginean

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 12a, 15:37

Altxa Burua Usurbil taldeak gaztetxoen artean pantailen erabilera egokia sustatzeko lanean dihardu. Gipuzkoa mailan 50 herri eta auzoetan osatu diren taldeen sareko kidea da herri eragile hau. Tresna digital hauen erabilera desegokiak eragindako kalteekiko kezkak batu ditu. Berriki topaketa egin dute Usurbilen.

Zertarako osatu duzue Altxa Burua Usurbil taldea?
Udarregi ikastolako maila ezberdinetako ikasleen 15-20 bat guraso gara. Orohar, kezka bat dago mugikorren erabilera desegokiarekin eta horrek kasu batzuetan sortzen dituen arazo larriekin. Batez ere, umeei nola eragiten dien ikustean, are kezka handiagoa sortzen du gurasoen artean. Gurea bezalako taldeekin sare bat sortu da. Bertan, Gipuzkoako 50 herri eta auzo gaude. Haien guztien topaketa egin genuen ekainean Usurbilen. 

Zergatik nahi duzue pantailak erabiltzen hasteko haurren adina atzeratzea?
Lerrootan adieraziko dugun guztia baliagarria da umeentzako baita helduentzako ere.  Ikerketa askok ohartarazten dute mugikorraren gehiegizko erabilerak eragindako kalteez, are gehiago eragiten dietenak umeei: kontzentrazio arazoak, dementzia kasuak batzuetan umeengan. Ikusten ari da irakurketan atzerakada izaten ari dela pantailaren erabilera desegokiagatik, ikusmen arazoak, trebetasun sozialen murrizketa baita ere pornografiarako sarbidea eta menpekotasuna sortzen ari dela eta jazarpena izateko beste bide bat dela. 

Nola sustatu daiteke pantailekiko erabilera egokia geroz eta digitalizatuagoa dagoen gizarte honetan?
Arazoa gainera etorri zaigu eta arazo horrekin elkarbizitzen norberak ahal duena egiten du. Gure helburua da kontzientzia piztea, guraso bezala ere eredu garelako gaztetxoentzat eta lanketak gugandik hasi behar du, helduongandik. Kontziente izan behar dugu guk ze erabilera egiten ari garen eta erabilera egokia egiten ikasten, baina ez da erraza. Gehiegi erabiltzen da, mugikorra erabiltzea atzeratzeko estrategiak lantzea komeni da. Egia da, azken urteetan hobetu egin dela egoera, pixka bat beranduxeago ematen zaiela umeei mugikorra. Baina lanketa handia dago egiteke. 

Haurrak noiz hasten dira eskatzen sakelako telefonoa?
Pandemia aurretik bataz beste 14 urterekin eta pandemia garaian 12 urtera jaitsi zen eta orduan hasi zen kezka. Lortu da lanketa egitea ikastolan, oso pozik gaude. Oso harreman emankorra dago ikastolarekin, hausnarketa bateratua egiten ari gara. Udarregin ikasleek mugikorrak itzali behar dituzte. Gizarte mailan ere kontzientziazioa pizten ari da. Gu hasi ginenetik hona, askoz gehiago hitz egiten da gai honi buruz. Hausnarketa hori ere piztu da ikastolan, zuzendaritzan eta irakasleen artean; zenbat, zertarako erabili eta zer eragina duen irakurketan, kontzentrazio mailan. Eztabaidan dago, zer neurritan edo zertarako den tresna pedagogiko egokia chromebook-a; gehiegizko digitalizazioaren aurrean, ez ote dugun desdigitalizazio baterantz jo behar eta paperezko materialetara itzuli behar… 

Zergatik eskuratzen dute mugikorra hain goiz?
Erakargarriak dira soinu eta argi aldetik. Horrez gain, taldekoa sentitzeko beharrak eragin handia du nerabeen artean. Horren aurrean, landu beharreko estrategien artean dago, gurasoak elkarrekin ados jartzea. Altxa Burua Gipuzkoa mugimenduan lan talde espefiziko bat sortu da horretarako. Beharrezkoa da gure artean honi buruz hitz egitea, gure kezkak eta zalantzak partekatzea eta bateratze lan hori egitea, kontzientziazioa zabalduz, ikasleekin gaia landuz, gurasoekin formakuntza saioak eginez. Argi utzi nahi dugu, ez gaude pantailak erabiltzearen kontra, haien erabilera osasuntsu eta orekatuaren alde baizik. Helburua da gure artean saretzea eta indarrak batzea, ez goaz inor epaitu eta seinalatzera. Guk trebatu behar dugu lehenbizi, aplikazio asko ez ditugu ezagutzen eta ez dakigu seme-alabak zer egiten ari diren. Beraz, dedikazioa, denbora eskatzen du. Horregatik, denon artean errazagoa, eramangarriagoa izan daiteke. Taldean indar gehiago dugu, hartara beste gurasoen estrategiak ezagutu ditzakegu. Esaterako, kafe tertulia izan genuenean, aberasgarria izan zen, haur txikiagoak zituztenek entzun zutela zaharragoen egoera zein zen. Guraso batek zioen, 12 urterekin erosi ziola mugikorra gaztetxoari, baina etxeko egoera nola aldatu zen ikusita argi zuela hurrengoei ez ziela emango. Ikusten eta ikasten goaz eta hori beti da aberasgarria. 

Usurbilen zer nolako lanketa ari zarete egiten?
Bilerak antolatzen ditugu gurasoekin, orain arte ikasmailaka egin ditugu. Miren Rosen formakuntza jasoten dute LH5 eta 6koek. Aurten egin nahi duguna da goitik beherako lanketa, ikasmailako esperientzia hurrengo mailei transmititzea, egindako lana gal ez dadin. Berriki egin dugun Altxa Burua Gipuzkoa mugimenduko taldeen topaketen ondorioa izan da, bestalde, gutun bana helaraziko dugula Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Osasun Sailera. Hain zuzen, gaiak hartu duen garrantziaren adierazlea da, Hezkuntza Sailetik Osasun Sailera igaro dela. Hezkuntza Sailari eskatuko zaio, 16 urtera arte mugikorra eskura izatea debekatu ahal izatea klase orduetan eta Osasun Sailari eskatu behar diogu kanpaina bat egin dezala, mugikorraren erabileraren ondorio txar horien kontzientzia pizteko. Gainerakoan, Altxa Burua Gipuzkoa material asko sortzen ari da, web orri bat ere badu. Gaia indar handia hartzen ari da. Udala eta merkatarien babesa ere badugu. Izan ere, herri merkataritza zaintzaileagoa izateko egitasmoaren baitan, pegatinak jarri dituzte herriko dendetan, haurren batek mugikorra beharko balu saltokietan sartu eta dendariak utzi diezaion.


Teknologiaren erabilera familian, 10 gako
1-Eredu izan: mugikorra eta pantailen erabilera koherentea egin. Hau da, seme-alabek imitazioz ikasten dute eta helduok seme-alabei eskatzen diegun horren eredu izan behar dugu.

2-Edukiak zaindu: eduki digitalak balio eta ereduetan hezten dute, positibo zein negatiboetan. Beraz, hautatu zure seme-alaben adin eta heldutasunari dagozkion edukiak.

3-Mugak jarri: ez izan beldurrik mugak jartzeari seme-alaben pantailen bidezko jardueretan. Hobe da muga eta neurri bakan batzuk jartzea baina horiei tinko eustea, asko jartzea eta malguegi jokatzea baino.

4-Ordutegiak ezarri: mugikorra zein beste pantailak erabiltzeko nahiz mezuak bidaltzeko ordutegiak ezarri. Jakinarazpenak mugatu edo isildu.

5-Non ez: eremuak mugatu eta etxean “gailu elektronikorik gabeko” guneak izendatu (logelak adibidez).

6-Beste jarduera motak sustatu: pantailarik gabeko jarduerak sustatu, familiarekin edota lagunekin denbora partekatzeko, irteerak, aire zabalean ekintzak…

7-Ahaldundu, jarrera kritikoa sustatu: sarean dagoenari buruzko elkarrizketa eta jarrera kritikoa sustatu: dena ez da sarean zabaldu behar, eta informazio guztia ez da fidagarria.

8-Aurrez aurreko harremana lehenetsi: aurrez aurre esatera ausartzen ez bazara, ez esan telefonoz. Errespetua beti.

9-Ez da oparia: erabiltzeko emandako gailua da. Oparia baldin bada, jabeak “nahi duena” egin dezake. Ez da zigor neurria ere (ez “kendu” mugikorra gatazkak amaitzeko neurri gisa).

10-Interesa izan: seme-alabek kontsumitzen duten hori haientzat garrantzitsua zergatik den ulertu. Adostasunak bilatzen saiatu.

Izan adeitsua zeure buruarekin erabilera egokia egitea ez baduzu lortzen. Errua sentitzeak ez baitu laguntzen. Geuretzat eta geure seme-alabentzat onena nahi dugu.

Informazio gehiagorako:
altxaburua.eus