Milagarren NOAUA!, udako oporraldi aurreko azkena

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 15a, 09:33

Milagarren aldizkaria argitaratu eta zenbaki borobil hau ospatuta agurtuko dugu aurtengo "ikasturtea" NOAUA!-n.

Aurtengoan, udako oporraldi aurreko azken aldizkaria, aste honetakoa izango da; zenbaki borobila izango duena, milagarren NOAUA! argitaratuko baitugu. 

Dakizuenez, ez da oharkabean pasako une hau, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean antolaturiko ekitaldiarekin eta Maialen Lujanbioren errezitaldiarekin. Lehenago, halere, urtero gogorarazten duguna; azken aldizkaria hilaren 19ko datarekin argitaratuko dugu. Aldiz, 1001. zenbakiduna irailaren 6an. Ordurako oharrik baldin baduzue ostiral hau, erredakzioa@noaua.eus helbidera email bat idatzita, 943 360 321 telefono zenbakira deituta edo NOAUA! K.E.-ren egoitzara etorrita (Bordaberri 3, behea) helarazi ditzakezue.


Bazkidetza
Kultur elkarte honek uztailero moduan 2024ko kuota laster kobratuko die bazkideei.  NOAUA!kide ez zaretenoi animatu bazkide izatera! NOAUA! Kultur Elkarteko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.

Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue, web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan.