Oriara are gehiago gerturatzen lagunduko gaituen albistearen berri segidan. Izan ere, Usurbilgo Udalak jakinarazi eta dagoeneko ikusgai duzuen moduan, zenbait hobekuntza egin dituzte Zumartegi industrialdean; sarbide irisgarriagoa izateaz gain, ibai ertzeko eremua zabaldu egin dute. "Egoera oso kaskarrean zegoen Zumartegiko ibaiertzeko ingurua: zuhaitzen sustraiek espaloia altxarazia zuten hainbat puntutan, oinezkoen irisgarritasuna nabarmen kaltetuz", gogorarazi dute Udaletik. Horregatik, "ibaiertzeko eremua zabaldu eta oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egin dira. Batetik, aparkaleku gehienak kendu, espaloi zaharra desegin, eta metro batzuetara eraiki da berria, ibaiertzari leku gehiago emanez. Horrekin batera, zebra bideak altxa eta margotu dira. Hala, oinezkoek bide egokiagoa dute paseorako zein atseden hartzeko, errioari begira jarri diren bankuen bidez".
Azken lanak
Lan hauekin batera, "udalak beharrezko ikusi zuen Atxegaldetik eta San Inaziotik Zumartegira eta tren geltokira oinez joateko lotura hobetzea, eta horretarako, bi lan egin ditu. Batetik, San Inazioko zubitik behera, espaloia egin du, eta, bestetik, eskaileretatik jaitsi eta Atxega jauregiaren atzealdetik sortua zegoen bidexka egokitu du, belar-sarea jarriz: bide mota horrek aukera ematen du joan-etorriak erosoagoak izateko, betiere berdegunea errespetatuz. Oraindik beste lan bat egitea falta da, hala ere: sortutako espaloi berria industriagunearekin ondo lotzeko zebra bide bat altxa eta margotuko da".
Lan hauei buruz, honakoa ohartarazi du, bestalde, Udalak: "Ibaiertza biziberritzeko bestelako planak zituen, hasieran, udalak: izatez, bioingeniaritza lanak egin asmo zituen, bide batez, errioarekiko lotura hobetzeko. Bitan atera zuen proiektua lizitaziora, baina bietan hutsik gelditu zen, eta, beraz, proiektu hori bertan behera geldituko da oraingoz".
Guztira, "249.680 euro inguruko inbertsioa egin du udalak, eta horietatik 155.000 Eusko Jaurlaritzak eta Ihobek emandako dirulaguntza baten bidez finantzatu ditu".