Adi, haur eskolako aldapako lanak tarteko

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 15a, 08:31

Txirikorda eta Kalezarko ermita lotzen dituen bidean hobekuntza lanetan ariko dira egunotan.

Txikikorda eta haur eskola dituen aldapako berrikuntza lanetan jardungo dira egunotan. "Txirikordako zebra bidetik hasi eta ermitarainoko zatia berrituko da", zehaztu du Udalak. Hobekuntza lan hauei buruzko xehetasun gehiago ere eskaini ditu Udalak. "Eregi Herri Lan eta Zerbitzuak SL enpresari esleitu zaizkio lanak, 176.300 euro inguruan (BEZ barne)". Egitasmo honi begira, "Udalak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren 80.000 euroko dirulaguntza jaso du".

Lan hauek "oinezkoen zein bizikleten bideak txukunagoak" izatea ahalbidetuko dute. Horrez gain, "zorua konpontzeaz gain, azpiegiturak berrituko dira: batetik, euri urak eta ur zikinak bananduko dira, eta, bestetik, argiteria ere berrituko da".

Trafikoa motelago
Lan hauek beranduenez irailaren 25a baino lehen amaitu beharko dituzte. Halere, "oinezkoen eremua lehenago irekitzea espero da".

Lanek iraun artean, ibilgailuen joan etorrian eragina izango dute. "Ibilgailuek bertatik pasatzeko aukera izango dute, abiadura motelagoan bada ere. Oinezkoei gehiago eragingo die, Ugartondotik desbideratuko baitituzte, behin-behinean".

Kreditu aldaketa
Berriki eman zuen Udalak obra hauek egiteko zuen asmoaren berri. Udal aurrekontuetan 548.700 euro inguruko kreditu aldaketa egitera zihoazela jakinarazi zuten maiatzaren 30eko osoko bilkuran. Diru kopuru hori zenbait partida diru gehiagoz hornitzeko baliatuko zutela jakinarazi zuten; tartean, Ugartondoko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitario paretik Kalezarrera igotzeko aldapa berritzeko".