Atxiloketa bat bart Usurbilen. Ertzaintzak berri eman duenez, 39 urteko gizonezko bat atxilotu dute kontrol batean. Astelehen arratsaldeko 20:20 aldera izan omen zen. Antza, "Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko patruila bat prebentzio-kontrol bat egiten ari zen Usurbilen. Kontrolean, bidaiari bakarra zeraman auto bat hurbildu zen, eta gidariak agenteekin hitz egiteko leihoa jaitsi zuenean, agenteek kalamu usain handia hartu zuten. Agente jarduleek droga-kontrola egin zioten, eta positibo eman zuen kalamuan".
Segidan, ibilgailua miatzeko maletategia irekitzea eskatu zioten. Ertzaintzaren arabera, "susmagarria oinez ihes egiten saiatu zen, eta agente jarduleek, gelditzeko behin baino gehiagotan esan ondoren, atzetik segi zioten atzeman ahal izateko, eta 200 bat metrora geldiarazi zuten. Bien bitartean beste agente batzuk autoa zaintzen geratu ziren".
Ibilgailua miatzen hasi zirenean, "maletategian, poltsa batean, prentsatutako substantzia marroi bat zuten hamar poltsa aurkitu zituzten, eta gidariak berak aitortu zuen, agenteek galdetu ziotenean, 10 kilo haxix zirela". Ondorioz, "gizona droga-trafikoagatik atxilotu zuten, eta, ondoren, polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion polizia-eginbideei hasiera emateko. Espero dute atxilotua gaur goizean zehar jartzea Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan".