"Peru Iraeta, talentua ezker hegalerako", hala iragarri du Zarautz Amenabar eskubaloi taldeak azken egunotan sare sozialen bidez. Talderako fitxatu du gazte usurbildarra. "Usurbilgo gaztea da bigarren fitxaketa! Euskadiko eta Espainiako selekzioekin aritua, Pulpo taldearekin igoera lortu berri du", jakinarazi dute aipatu taldetik. Gogoan hartu du Usurbil Kirol Elkartea. "Eskerrik asko Usurbil KE, handik utzita baitator. Ongi etorri!", adierazi dio Iraetari.
Iraetak orain arteko bere ibilbidearen berri eman zion NOAUA!ri udaberri honetan eskainitako elkarrizketa honetan:
"Datorren ikasturtean ere ikasketek izango dute lehentasun nagusia"
Eskubaloian aritzen da Peru Iraeta beste usurbildar asko bezala. Usurbil KE taldeko harrobiko jokalaria bada ere, Pulpo EK taldean dihardu aurten eta Euskadiko Selekzioarekin ere badabil. NOAUA!rekin izan da kirolaria bere esperientzia partekatzeko.
Zumaiako Pulpon jokatzen duzu eta horretaz gain, Euskal Selekzioko kide ere bazara. Astero, zenbatetan entrenatzen duzu?
Aurten Pulporekin nabilela kontuan hartuta, Zumaiara joateak denbora gehiago eskatzen dit entrenamendu bakoitzean. Hiru entrenamendu izaten ditugu astean eta partidua asteburuan. Gainera, bi astetik behin Euskadiko selekzioaren entrenamendua ere izaten dut. Azken kasu horretan, Zumaian izan daiteke edo Bizkaian, adibidez. Bidaiatze hutsak ere denbora eskatzen dit eta entrenamenduak ere ez dira bi minutuan egiten. Esango nuke, batez beste, 20 ordu edo gehixeago eskaintzen dizkiodala eskubaloiari astean. Urrutira joatea tokatzean gurasoek eramaten naute normalean, eta ezin badute, selekzioko lagunekin hitz egin eta hala moldatzen gara. Gertu bada, trenean ere ibiltzen naiz hala behar denean. Zumaiarrekin eta zarauztarrekin mugitzen naiz, batez ere.
Jubenil mailan ere asko zaindu behar izaten duzue?
Maila honetan aritzeko ez da dieta berezirik jarraitu behar, ez halakorik. Hala ere, parrandaren kasuan, entrenamendu eta partiduen aurreko egunean parrandarik ez egiten saiatzen naiz. Konpromisoa eskatzen du eskubaloiak. Behin maila profesionalago batean, agian, posibleago da muga batzuk izatea, baina ez gure kasuan.
Beste kirol jarduera batzuetan ere arituko zinen txikitan. Noiz hasi zinen eskubaloia serio hartzen?
Eskubaloia probatu dudan azken kirola izan da. Lehen kirola igeriketa izan nuen. Urte dezente eman nituen igerian, sei bat edo. Gerora, futbola eta pilotan ere ibili nintzen DBH arte. Behin DBHra iritsita, aukeraketa egin beharra neukan. Eskola kirolean eskubaloia probatu nuen eta asko gustatu zitzaidanez, kirol horrekin jarraitzea erabaki nuen. Usurbilgo taldea osatu ahal izateko jokalari kopuru minimo bat behar da, baina gu aurten hiru baino ez ginen. Seniorrekin jokatzeko aukera eman zidaten klubean, baina jubenil mailako azken urtea jokatu nahi nuen nik. Oso berezia izaten den maila da. Beraz, ibilbidea Pulpon, Zumaian, jarraitzea erabaki nuen. Duela bi urte ere egoera berean egon ginen Usurbilen eta talde bakarra osatu genuen Pulpoko eta Usurbilgo jokalariekin. Usurbilgo taldea ordezkatu genuen orduan. Aurten, berriz, gu hain gutxi izanda, hara joatea erabaki dut jada ezagutzen nituelako jokalariak.
Euskadiko Selekzioarekin zabiltza. Lehiakortasun handia dago taldekideen artean?
Normalean ez dugu adierazten lehiakortasun hori denekin. Joan zen urtean jubenil mailako lehen urtekoa nintzen eta beraz, bazeuden ni baino zaharragoak. Horrekin sentitzen nuen hainbeste aukera ez nuela, baina nik neure onena ematea nuen helburu. Aurten, berriz, gazteagoak dauzkagu taldean eta baita adinekoak ere. Oso gustura sentitzen naiz egoera honetan, asko lehenagotik ere ezagutzen nituelako partiduetatik eta inguruko herrietako asko daude. Selekzioan Bizkaiko jende gutxi daukagu aurten, hiru jokalari baino ez. Gainontzekoak hemen ingurukoak gara: Zarautz, Zumaia, Donostia, Irun…
Nolakoa da beste taldeekiko harremana?
Kluben arteko ligan lehiakortasun hori nabari da, baina pistara baino ez da mugatzen. Oso harreman pertsonal onak dauzkagu. Selekzioaren kasuan, gainontzekoekin ez daukagu horrenbeste harremanik eta horrek erraztu egiten du lehiakortasun hori sortzea.
Egun Pulpo EK taldearekin zabiltza. Erraza izan al zen egokitzapena?
Eskola kirolean Usurbilen hasi nintzen LH5ean. Kadete lehen urtera arte jarraitu nuen klubean eta orduan, lehen aipatutako jokalari faltaren aurrean egon ginen. Beraz, Pulporekin nahasian jokatu genuen Usurbil KE izenpean, eta orain, Pulpoko jokalari bilakatu naiz. Datorren urtean, lehentasun nagusia ikasketak ditut. Unibertsitatean hasiko naiz eta aldaketa horiekin moldatu egin beharko dut. Garaia iristean ikusiko dut Pulpon jarraitu, Usurbil KEko seniorrekin aritu edo zer egin.
Zure ibilbidean, zer nolako garrantzia izan dute entrenatzaileek?
Entrenatzaile guztiek eman didate zerbait. Asko ikasi dut denengandik eta aspektu askotara zabal ditzakedan ikasketak eman dizkidate. Usurbilen kadeteetatik aurrera sentitu nuen eskubaloiarekiko atxikimendu hori, batez ere. Garai hartan oso entrenatzaile ona izan nuen eta esperientzia ederra lortu nuen. Pistatik kanpo ere, harreman estua egitea lortu genuen.
Eskubaloian, Usurbilek tradizio handia du. Kabia garrantzitsua izan da. Hemendik kanpo, Usurbil KE eskubaloi taldeak bere prestigioa du, ezta?
Usurbilgo kluba nahiko txikia da, baina gainontzeko klubek errespetu handiz tratatzen dutela esango nuke. Gogoan dut Euskadiko entrenatzaileak behin esan zidala Usurbilgo taldeak zituela gustukoen inoiz errenditzen ez den kluba delako. Hori oso gogoan dut. Non jolasten dudan galdetzen didatenean, Pulpo erantzuten dut. Nongoa naizen galdetzean, berriz, Usurbil. Aurten, zoritxarrez, ezin izan dugu talderik atera eta hori ere kontatzen dut, normalean.
Eskubaloitik bizi al daiteke bat? Zure kasuan, zer ari zara ikasten?
Unibertsitatean hasiko naiz datorren urtean eta klaseak goizez izaten dituzte talde batzuek eta arratsaldez besteek. Argi daukadana da goizeko taldean sartuko naizela. Gisa horretara, arratsaldeak eskubaloiari eskainiko dizkiot. Seniorretan Euskadiko Selekzioa desagertu egiten da, eta partidu bereziren bat edo besterako deialdia egiten dute, baina talde dinamikarik ez da izaten. Beraz, nire taldera mugatuko nuke eskubaloiko ibilbidea. Klub handiren baten fitxaketa oso gustura hartuko nuke, ez bakarrik klub handi batean jokatzen dudala esateko, baizik eta bertan jokatzen duten batzuk ezagutzen ditudalako eta oso hitz politak dauzkadalako taldearen funtzionamenduarentzat.
Eta etorkizunean, kirol munduari lotuta ikusten duzu zure burua?
Eskubaloia uzten dudanean, entrenatzaile izatea gustatuko litzaidake. Ez dakit nolako entrenatzailea izango nintzatekeen, baina umeekin lan hori egitea eta balio horiek transmititzea ederra iruditzen zait. Gerora, maila altuagoak ere probatzea gustatuko litzaidake.