Iragan urte amaieran onartu zituen behin betiko Usurbilgo Udalak aurtengoan indarrean diren 2024ko ordenantza fiskalak eta hauei lotuta, zer noiz ordaintzea egokitzen den zehazten duen egutegia, pasa den abenduaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen iragarkiaren bidez gogorarazi bezala.
Egutegi haren arabera, uztaila amaitu baino lehen, 2024ko bigarren hiruhilekoari dagokion asteroko merkatua egiteko bide publikoa erabiltzeagatik, horri lotutako tasa ordaindu beharko da. Errolda onetsi dela eta bihartik udal kontuhartzailetzan egongo dela ikusgai jakinarazi du Udalak asteazken honetako, uztailaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Tasa hau borondatez ordaintzeko epea zabalik egongo da abuztuaren 1era arte.
Segidan, abuztuan, 2024ko bigarren hiruhilekoari dagokion ura, estolderia eta hondakinen zerga ordaintzeko epealdia zabalduko du Usurbilgo Udalak.
Ordenantza fiskalen aldaketak behin betiko onartuak
Aurten indarrean diren ordenantza fiskaletan zenbait aldaketa txertatzea hasieraz erabaki zuen udalbatzak apirilaren 25ean. Gero, jendaurrean jarri zituen Udalak, maiatzaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak berri eman zuenez. Haur eskolako kuotetan edota kirol ikastaroetan zenbait aldaketa onartu zituen udalbatzak. Aldaketok behin betiko onartu ditu berriki.
Besteak beste, haur eskolako erabiltzaileei lotutako araudian kuotak nabarmen murriztea onartu dute. Izan ere, dakizuenez, Eusko Jaurlaritzak ikasturte honi begira, Partzuergoko haur eskolak doakoak izango zirela iragarri zuen, baina erabaki horretatik kanpo utzi zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal titulartasuneko hamahiru haur eskola, tartean, Usurbilgoa. Ziurgabetzat jotzen zuen testuinguru honetan, gurasoek ordaindu beharreko haur eskolaren kuotaren %62a Udalak bere gain hartzea erabaki zuen ikasturte honetarako. Behin-behineko erabakia zela gogorarazi zuten hasieratik, 2023-24 ikasturterako hartutakoa eta haur eskolaren etorkizunaz erabakitzeko hausnarketa prozesua irekiko zuela iragarri zuen udal gobernu taldeak.
Lanketa horren emaitza dira, besteak beste, haur eskolari lotuta azken aldian hartutako erabakiak. Horregatik, aldaketa hori ordenantza fiskaletan txertatu zuten. Halere, erabaki hau egokitzapen gehiago egiteko ere baliatu nahi izan zuten. Esaterako, kiroldegiko ikastaroen prezioak berrikusteko, NOAUA! K.E.-ren Udajolaseko harrera familietara datozen haurren kasuan, kuota doakoa izatea bermatzeko edota hobarien sistema egokitzeko.
Aldaketok gehiengo osoz onartu zituzten EHBilduren eta PSEren babesarekin. EAJ abstenitu zen. Gerora ireki zuten epealdian erreklamaziorik egon ez denez, ekainaren 27an kaleraturiko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez Usurbilgo Udalak jakinarazi zuen, behin betirako onartu dituztela 2024ko ordenantza fiskaletan txertaturiko aldaketok.
Segidan duzue, 2024. urte amaierara arteko egutegi fiskalaren berri:
Zerga / Tasa |
Ordain epea |
Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - aurreko urteko 4. hiruhilekoa |
Urtarrilaren 2tik 31ra |
Ura ,estolderia eta hondakinak - aurreko urteko 4. hiruhilekoa |
Otsailak 1etik martxoak 1era |
Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga |
Martxoak 1etik apirilak 15ra |
Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 1. hiruhilekoa |
Apirilak 1tik maiatzak 2ra |
Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 1. hiruhilekoa |
Maiatzak 2tik ekainak 3ra |
Ondasun higiezinen gaineko zerga |
Maiatzak 15tik uztailak 1era |
Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 2. hiruhilekoa |
Uztailak 1etik abuztuak 1era |
Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 2. hiruhilekoa |
Abuztuak 1etik irailak 2ra |
Espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa) |
Irailak 2tik urriak 1era |
Ekonomi jarduera gaineko zerga |
Urriak 1etik azaroak 1era |
Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 3. hiruhilekoa |
Urriak 1etik 31ra |
Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 3. hiruhilekoa |
Azaroak 1etik abenduak 2ra |
Bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...) |
Azaroaren 1etik 29ra |
Emakida administratiboak (Atxega jauregia, udal baratzak...) |
Azaroaren 1etik 29ra |