1000. NOAUA!

Bertsotan zoriondu du NOAUA! Kerman Errekondok

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 19a, 12:05

Sorreratik gogotik parte hartu du milagarren zenbakira heldu den NOAUA! herri hedabidean Kerman Errekondok. Usurbildarrak bertsotan oroitu zuen une berezi hau, ostegunean Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean eginiko ospakizunean.

Elkarlanean, lankidetzan eta auzolanean bideratu da NOAUA! sorreratik milagarren zenbakira arte. Horren islada argia izan da ostegun honetan Aginagako Eliza Zaharrean egin den ospakizuna. Sorreratik, buru-belarri herri proiektu honen garapenean parte hartu duen Kerman Errekondok bertsotan omendu zuen NOAUA!. Egitasmo honek izandako hastapenak, ibilbidea, milagarren zenbaki borobila, lehendakari aldaketa eta etorkizunari ere abestu zion.

Izan ere, NOAUA!k mila zenbaki argitaratu ditu 1996. urteaz geroztik, baina Kermanek bertsotan iragarri zuen moduan, hau ez da hemen amaitu, "onena ez dakigula nora iritsiko garen", iragarri zuen. 

Baina 2000. NOAUA!ra heltzeko bidea marraztu nahi izan zuen; "bi milagarren alearen bila, arraunean boga-boga luze berean segi dezagun, hartu gabe ziaboga".

Honatx usurbildarrak kantaturiko bertso sorta:

1.000. alea
Kerman Errekondo

1
Herriak hala erabakita
Noaua zure deitura
herri osora iristen zara
zaude guztion eskura
hogeitazortzi urte pasata
mila aleko lotura
jertse polita osatzen goaz
ez bedi eten jostura

2
Lehendabiziko urte haietan
hamabosteroko lana
geroztik berriz astero zatoz
egun arte guregana
nunbait badago zer bildua ta
nunbait bada zer esana
iturritxo bat badago hemen
inoiz agortzen ez dana

 

3
Gogoaz eta ilusioz
atera nahian aurrera
sortu zintugun atzean utziz
ez dakit zenbat bilera
lehendabiziko aldizkaria
heldu zenean gurera
orduan ez zen asko usteko
gaur arteko ibilera

 

4
Milagarrengo alea ere
aste honetan guregan
lehenbizikotik milagarrena
denbora pasa da hegan
Noaua eta Noaua
herriaren esan eran
eta onena ez dakigula
nora iritxiko geran


5
Patroian txanda iritsi zaigu
hamar urte ta gerora
irten denari eskerrak eman
sartu denari gogora
bimilagarren alearen bila
arraunean boga-boga
luze berean segi dezagun
hartu gabe ziaboga

6
Ta bimilagarren aleari
orain begira jarriak
ospakizunak izango dira
orduan izugarriak
bertsoak nik ziurtatzen ditut
jakin dezala herriak
gonbidapena jaso ala ez
jarriko ditut berriak