Uztailari dagokion osoko bilkura azken ostegun honetan egokitu beharko litzateke izatez, baina jaieguna izango da. Honenbestez, egunbete aurreratu dute datorren udalbatzarra, asteazkenera, hilaren 24ra.
Saio horretan, denetariko gaiak hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek. Hirigintza kontuei dagokienean, batetik, Txokoaldeko Altzonazko zubia; haren birgaitzeari buruzko erabakia hartuko du udalbatzak. Oriatik mugitu gabe, ibaian gora eginez gero, Orbeldiko presa eta indarretxea ere osoko bilkurako beste hizpideetako bat izango da. Aipatu presa eta indarretxea "deskatalogatzeko Aldaketa Puntualaren" behin betiko onarpenaz bozkatuko dute.
Oiardo kiroldegia izango dute beste hizpideetako bat; bertan, "kirol jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzua kontratatzeko espedienteari onespena ematea", horri buruz erabaki beharko dute udal ordezkariek. Turismo-ibilgailu bidezko garraio zerbitzuak eskaintzeko Foru Aldundiari zuzendutako erregimen bereziko eremua sortzeko eskaera bideratzeaz ere ariko dira.
Xehetasun gehiago, Usurbilgo Udalak helarazitako gai-zerrenda honetan dituzue:
Osoko bilkura
Eguna: uztailak 24, asteazkena.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2024ko ekainaren 27ko bilkurako akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2024ko ekainaren 25etik uztailaren 12ra (2024/766-2024/816).
3.- 2024ko soldata igoera onartzea (2024FOIG0001).
4.- Usurbilgo Oiardo kiroldegian kirol jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzua kontratatzeko espedienteari onespena ematea (2024LIRZ0005).
5.- Altzonazko zubia (Txokoaldeko zubia) legeztatzeko eta birgaitzeko itsaslehorreko jabari publikoa okupatzeko emakidaren baldintzak eta preskripzioak onartzea (2023HUES0007).
6.- Hiri Antolamenduko Arau Subisidiarioetako Ondare Katalogoaren Aldaketa Puntuala, ondare etnografikoko elementuen artean jasotako "Orbeldi presa eta indarretxea (ruina)" deskatalogatzeko Aldaketa Puntuala (05 aldaketa). Behin betiko onarpena (2024HBES0004).
7.- Administrazio arteko hitzarmena onartzea, Donostia, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriako Udalen artekoa, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzeko erregimen bereziko eremu bat sor dezala bidaiariak turismo-ibilgailuetan garraiatzeko zerbitzuak emateko (2024HITZ0006).
8.- Galdera eta eskaerak.