Hamasei bizileku ditu Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak. Hasieran zortzina bizileku bideratu asmo zituzten 18-30 urte artekoentzako eta 65 urtetik gorakoentzako. Iaz egin zituzten Usurbilgo Udalaren jabetzako alokairu sozialeko pisuok; gazteenak zozketa bidez erabaki ziren, 65 urtetik gorakoenak gizarte zerbitzuetako langileek eginiko baremazioaren bidez.
Aldiz, ez ziren den-denak bete. Egun, 65 urtetik gorakoei zuzenduriko logela bakarreko hiru bizilekuek hutsik segitzen dute. Hauetara bizilagun berriak erakartzeko deialdia egin zuen berriz Udalak. Izen-emateko maiatzaren 9tik ekainaren 10era zabaldutako epealdiaren baitan, bederatzi eskaera jaso ditu, haietatik bost onartu dituela jakinarazi du; beste lau, beraz, baztertu dituela. Hala zehaztu du, plazaratu dituen onarturikoen eta bazterturiko eskaeren behin-behineko zerrendan. "Denekin harremanetan jarriko da Udala", iragarri dutenez.
Formazioa bizilekuak esleitu aurretik
Zerrenda honi alegazioak aurkezteko hamar eguneko tartea ireki du Udalak, "beraz, oraindik ere onartuak izateko aukera dute", gutxienezko eta beharrezko 22 puntuak eskuratu ez dituzten lau eskabideek.
Alegazioak aztertu eta erantzun ostean, behin betiko zerrenda onartuko du Udalak. Une horretatik aurrera, "etxebizitzak esleitu aurretik, onartuak izan diren eskatzaileek zenbait saio egin beharko dituzte Zabalduz kooperatibarekin, Txirikordaren proiektua barneratzeko, aurrez Txirikordako bizilagunek egin zuten bezala".
Udalak ohartarazi duenez, "prozesu horrek eragina izango du, baita ere, etxebizitzen esleipenean. Izan ere, Txirikordaren oinarrian proiektu kolektibo bat dago, eta beharrezkotzat jotzen da bertako bizilagun guztiek horrekin bat egitea. Lehen bezala, oraingo saio horiek ere Zabalduz-ek gidatuko ditu, eta baloratuko du eskatzaileek zein atxikimendu duten proiektuarekiko. Horren arabera egingo da etxebizitzen esleipena".